UHintifada
|
2025/01/15 |
Uhintifadako urtengo lehenengo atal honetan arretaren jomuga Belenen jarri nahi izan dugu, izan ere, sumina eragiten digu nola milioika pertsonek Gabon garaia ospatzen duten ikusteak, Belenen zein Palestina osoan gertatzen ari denari guztiz ezaxola. Horretarako, irratsaioko kolaboratzaile beterano bat izan dugu solaskide gure mikrofonootan.Juani hogei urtetik gora bizi izan da Gazan eta Belenen. Bertan osasun arloko erakunde humanitario batean jardun du lanean, harik eta okupazio erregimenak erakundea ilegalizatu eta Juani Israelgo kartzela batean espetxeratu zuen arte. Bere jardunean bereziki Gazan pairatzen ari den muturreko egoeraz aritu zaigu, izan ere, eskualdea guztiz suntsitu dute. Bestalde, Belen ere izan du hizpide. Bertan, Gabonetako turismoak gainbehera handia pairatu du, eta horrek areago okertu du hangoen egoera ekonomikoa. Ohartarazi du baliabieak dauzakan jende asko Palestinatik ihes egiten ari dela. Salatu du Europako gobernuek beren interesak zaindu besterik ez dutela egiten, izan ere, okupazioa negozio handia da. Gogoratu du espetxetik pasa zeneko garaia.
Orduan, kartzelakideen babesa jaso zuen Gabon garaian, bera baitzen hango kristau bakarra. Azaldu du zer ondorio ekarri zituen bere erakundeko ilegalizazioak, eta, oro har, Gaza eta Zisjordaniako osasun-azpiegitura guztiak deuseztatzeak. Azkenik eskertu du elkartasun internazionalista, eta azpimarratu du boikot ekintzen beharra. Zentzu horretan, dei egin du hurrengo otsailaren 7an Gasteizen maccabiri boikot egitera.
|
|
UHintifada
|
2024/12/17 |
Iragan 2023ko urriaren zazpian, Palestinako erresistentziak burututako ekintza historiko batek aurrekaririk gabeko zigor kolektibo bat ekarri du atzetik Palestinako populazio zibilarentzat. Baina genozidioaren zifra lazgarriak ulertzeko, gertakizunetatik harago joan behar dugu, eta azaldu behar dugu gaur egungo Palestinako sarraskia ehun urteko garbiketa etniko baten testuinguruaren barruan.
Uhintifadako atal honetan hizpide izango dugun liburuak “Ehun urteko gerra Palestinaren aurka” hortxe jartzen du historio honen abiapuntua, duela ehun urte, proiektu kolonial sionista sortu, eta Palestina historikoaren eremuan ezartzen hasi zen momentuan. Izan ere, ezin da ulertu gaur egun Palestinan gertatzen ari den genozidioa, egoera hau eragin duen prozesu historiko, politiko eta geoestrategikoa aztertu gabe. Eta horixe da Iñaki Alegriaren eskutik egin nahi izan duguna.
Iñaki Alegria Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta ikertzailea izan da, Udako Euskal Unibertsitateko kidea da, eta Hizkuntz Teknologian zein Informatika eta Komunikazioetarako Teknologietan aditua da. Palestinako gaiaren inguruan hainbat liburu eta artikulu idatzi ditu, eta Komite Internazionalisten zein BDZ kanapainiako militantea ere bada. Besteak beste, 2021ean Eduardo Galeanoren Latinoamerikaren zain urratuak itzuli zuen. Oraingo honetan, Rashid Khalid idazle palestinarraren azken saiakera liburua euskaratu du: “Ehun urteko gerra Palestinaren aurka”. Eta mende bateko hiztorio hori izan du hizpide gaurko elkarrizketan.
|
UHintifada
|
2024/12/04 |
Uhintifadaren atal berri honetan Yasmeen El Hasan izan dugu solaskide Hala Bediko mikrofonootan, Euskal Herrian zehar jira batean dabil-eta. El Hasan Palestinako Nekazarien Komiteetako Batasuneko arduraduna da nazioarteko harremanetarako. Haren erakundea Via Campesina nazioarteko mugimenduaren baitan dago, eta Palestinako populazioaren elikadura-subiranotasunaren alde egiten du borroka; izan ere; euren ustez, borroka hori hertsiki lotuta dago nazio-subiranotasunari. Azken urtean bereziki salatzen ari dira Israel planifikatutako gosetea ezartzen ari zaiola Palestinako populazioari, eta gosetea arma tresna gisa erabiltzen ari dela. Bere jardunean, gainera, hitz egin digu lehen sektoreak Palestinako ekoomian daukan garrantziaz; eta nola eragin dion historikoki okupazioak sektoreari. Arreta deitu du, bereziki, Gaza pairatzen ari den gosete larriaren inguruan. Azpimarratu du, halaber, nekazaritza arloa erregimen kolonialaren ekonomiaren motoreetako bat ere badela, hori dela eta, nabarmendu du inportantea dela Israelgo nekazaritza-produktuak boikoteatzea, baina boikot horrek ekintza kolektiboa eta koordinatua izan behar duela.
|
UHintifada
|
2024/11/15 |
Uhintifada bueltan da uhin hertzianoetara, nahigabeko geldialdi baten ostean, ezin diogulako palestinari buruz hitz egiteari utzi. Eta aste honetako saioan Jaldia Abubakra izango dugu solaskide. Abubakra Gazako zerrendan jaioa da, 1948an Palestinari okupatutako Bir Assab herritik ihes egindako familia baten baitan. Gaur egun espainiar estatuan bizi da eta Samidoun mugimenduko eledunetako bat da. Diasporako palestinarrek osatutako talde horrek sostengua ematen die Palestinako presoei. Samidoun ilegalizatua izan da azken urteotan, besteak beste, Alemanian; eta Abubakra bera Espainiako Auzitegi Nazionalera deitu zuten pasa den astean, VOX alderdi ultraeskuindarrak jarritako salaketa bat tarteko. Bere jardunean urtebeteko genozidioaren balantzea egin du; eta balioetsi egin du Palestinako kazetarien lana; haiei esker, eta ahalegin handia egin badute ere, gertatutakoaren berri daukagulako. Bestetik, erresistentziaren zilegitasuna ere onartu du, Palestinan zein eskualdeko beste herrialdeetan ere. Halaber, salatu du nazioarte mailan elkartasun mugimendua eta berea bezalako erakundeak pairatzen ari diren errepresioa.
|
UHintifada
|
2023/11/29 |
Oraingo honetan Uhintifadako mikrofonootan Fares Khader izan dugu solaskide. Khader matematikari palestinarra da eta egun Logroñon bizi da. Jabaliako errefuxiatuen kanpamenduan jaio zen, Gazako zerrendako iparraldean, eta azken hilabeteotan hamaika senide galdu ditu Israelgo erregimen kolonialaren bonbardaketetan. Khaderrek “intifadako semetzat” aurkeztu du bere burua. Najed herritik erbesteratutako familia baten baitan sortu zen, eta haren ustez, genozidio hau ez zen hasi urriaren 7an, aitzitik, 1948tik ari da etengabe gertatzen. Bere jardunean kontatu digu, bere egoera administratiboa zela eta, iragan ekainera arte ezin izan zela Gazara bueltatu, eta orduantxe bisitatu zuela familia azken aldiz. Deskribatu dizkigu eskualde horretako bizi baldintza jasanezinak, besteak beste, lur guztia guztiz kutsatuta dagoelako, azken urtetan Israelgo erregimenak etengabe jaurti dituen bonben ondorioz.
Kritikatu du mendebaldeko prentsaren kontakizuna, erasotzailea biktima bihurtzen duelako. Errealitatea, aldiz, oso bestelakoa da. Kontatu du nola genozidioaren hasieran anaia bat hil zioten, osasun arloko langilea zen. Urriaren 24an, berriz, beste hamar senitarteko erail zizkioten, tartean haurdun zegoen ahizpa. Bere familiaren kasuan erabaki mingarria hartu behar izan zuten: senide-taldea banatu eta zerrendan zehar sakabanatzea; denak batera hil ez zitzaten; eta batzuk hiltzen baziren, beste batzuk, sikiera, bizirik atera zitezen euren historia kontatzeko. Aitortu du amarekin izandako azken elkarrizketako batean hark esan ziola nahiago zukeela hil izan balitz, ikusi behar izan duen guztia ikusi behar ez izateko.
Azaldu du Gazatik iristen zaigun informazio apurra kazetari independienteek zabaltzen dutela eta Telegram eta Instagran bezalako kanaletatik hedatzen dutela.
Eskertu ditu Palestinarekiko elkartasunean Errioxan zein mundu osoan antolatu diren mobilizazioak. Baina uste du, neurri berean, beharrezkoak direla erakundeetako ekintza konkretuak, eta batez ere, inportantea dela kontakizun sionista desmuntatzea, mendebaldeko prentsak modu akritikoan errepikatzen baitu. Salatu du, halaber, Gazako populazioak ez duela borondate oneko adierazpenik behar, ezta hitz onik ere, behar dutena su etena da.
|
|
|