UHintifada
|
2023/06/22 |
Pasa den ekainaren 10ean CAF trengintza konpainiak urteroko Akziodunen Batzar Orokorra antolatu zuen bere Beasaingo egoitzan, eta urtero bezala, Palestinarekiko elkartasun mugimenduak enpresa Jerusalem Ekialdearen eta hirigunearen artean eraikitzen ari den apartheid trenbidearen proiektua salatu zuen konpainiako inbertsiogileen bilkuraren aurrean. 2019an Israelgo administrazioak eremu palestinarrean ilegalki okupatutako koloniak azpiegitura egonkor batez hornitzeko proiektuaren kontratua esleitu zion CAFek eta Shapir konapinia israeldarrak osatutako patzuergoari, proiektua nazioarteko zuzenbidearen kontrakoa bada ere. Gogoratu behar da Shapir, CAFen bazkidea, NBEren zerrenda beltzean dagoela, Palestinako okupazioarekin aberasten den enpresetako bat delako. Bilkuraren barrualdean, bestetik, zenbait abots kritiko ere izan ziren eta galdegin zioten konpainiako zuzendaritzari azalpenak eman zitzan nazioarte mailan okupatutzat hartzen diren eremu horietan gerra krimen batean parte hartzeko erabaki estrategikoaren inguruan. Biltzarkide kritiko horien artean zeuden, besteak beste, Amnesty International erakundeko hiru kide eta gure aste honetako solaskidea, Santiago Gonzalez Vallejo. Gonzalez Vallejo ekonomilaria da eta Comité de Solidaridad con la Causa Árabe erakundeko kidea, eta horrez gain, CAFeko akzioduna ere bada, izan ere, duela lau urte enpresaren urteroko batzarrean parte hartu ahal izateko adina akzio erosteko erabakia hartu zuen.
Bere jardunean balioetsi egin du Amnesty Internationalek egindako apostu estrategikoa, CAF apartheid trenbidearen proiektutik erretiratzeko kanpainarekin bat egin duelako, eta azaldu digu zein izan ziren berak konpainiako zuzendaritzaren aurrean planteatu ahal izan zituen galderak: bete beharreko diligentziaren ingurukoak, alegia, ea egiaztatu ote zuten proiektua nazioarteko zuzenbideak ezarritako estandarren barruan ote zegoen; CAFek kanpoko komunikazioetan emandako informazioaren egiazkotasunaren ingurukoak eta aholkulari independiente batek proiektuaren eragin sozialaren inguruan egindako txostenaren emaitzaren inguruan. Bete beharreko diligentziari dagokionez, salatu du gauza jakina zela CAFek proiektu honetan dituen enpresa bazkideak kolonizazioarekin eta okupazioarekin aberasten direla, eta horrexegatik daudela NBEren datu basean jasota. Informazioaren sinesgarritasunaren harira, azaldu du konpainia ebidentzia bat behin eta berriz ukatzen ari dela, izan ere, argudiatzen dute proiektua Jerusalemeko eremuan bakarrik garatzen ari dela, baina gauza jakina da nazioarteko legediak Jerusalem Ekialdeko koloniak eremu okupatutzat hartzen dituela. Kontaktuarako Nazio Puntuak eskatutakoan CAFek enkargatu zuen txosten independienteari dagokionez, zalantzan jarri du txosten horren kalitatea; izan ere; kontu gako batzuk ez ditu aintzat hartu, hala nola pertsona palestinarrak ezin direla batetik bestera libreki mugitu, eta ondorioz, ezin dutela tranbia erabili israeldarren baldintza bertsuetan. Bestalde, beste kontu garrantzitsu bat ere azaldu du: CAFi kontratua esleitu ziotenerako, Shapir, haren bazkide israeldarra, bazegoela sartuta negozioetan kolonietan, eta hori modu errazean egiaztatu zitekeela Googlen arakatuz.
Ohartarazi du badagoela martxan kanpainia bat NBEren datu basea, okupazioarekin aberasten diren enpresak biltzen dituena, eguneratu dadin, eta eguneraketa horretan CAF ere sartu dezaten; eta hori nahiko garrantzitsua dela, berez, besteak beste, Norbegiako inbertsio funtsek CAFen duten kapitala erretiratzeko bezain garrantzitsua. Azaldu du batzarrean eta jende aurrean laguntza eskaini diotela CAFi, balizko nazioarteko bitartekaritza batean kontratutik erretiratzeagatiko kalte ordaina ordainaraziko baliete. Adierazi du, halaber, CAFeko zuzendaritza ez dela oraindik jabetzen mundu osoko erakundeek Jerusalemen gauzatzen ari den proiektuaren kontrako boikot kanpainiak bultzatzeak ekar diezazkiokeen ondorioez, eta hori areagotu egingo dela ohartarazi du. Azkenik, baloratu du guk justizia gure alde daukagula, oso motel funtzionatzen badu ere; eta haiek, aldiz, aberastea beste helbururik ez daukatela.
|
|
UHintifada
|
2023/06/15 |
Pasa den ekainaren 10ean CAF trengintza konpainiak urteroko Akziodunen Batzar Orokorra antolatu zuen bere Beasaingo egoitzan, eta urtero bezala, Palestinarekiko elkartasun mugimenduak enpresa Jerusalem Ekialdearen eta hirigunearen artean eraikitzen ari den apartheid trenbidearen proiektua salatu zuen konpainiako inbertsiogileen bilkuraren aurrean. Batzar hori foro egokia izan zitekeen enpresako zuzendaritzak azalpenak eman ziezaien akziodunei nazioarteko legedia urratuz eta okupaziopeko eremuetan zehar eraikitzen ari den azpiegitura ilegal horren inguruan, baina, beste behin ere, ezikusiarena egin zuten etxeko korridorean duten elefantearen aurrean. 2019an Israelgo administrazioak eremu palestinarrean ilegalki okupatutako koloniak azpiegitura egonkor batez hornitzeko proiektuaren kontratua esleitu zion CAFek eta Shapir konapinia israeldarrak osatutako patzuergoari, proiektua nazioarteko zuzenbidearen kontrakoa bada ere. Gogoratu behar da Shapir, CAFen bazkidea, NBEren zerrenda beltzean dagoela, Palestinako okupazioarekin aberasten den enpresetako bat delako. Proiektu polemiko horretarako lehiaketan parte hartzekoak ziren beste nazioarteko enpresa guztiak erretitratutakoan, CAFek eskuratu zuen kontratua, eta seguruenik, horretan parte hartzeak etekin oparoak ekarriko dizkie, epe laburrean, konpainiako zuzendariei; baina epe luzean kalte handia eragingo dio enpresaren irudi korporatiboari. Izan ere, dagoeneko nazioarteko merkatuetan jomugan zituzten hainbat kontratuetako parte hartzea kolokan dago.
Bilkuraren barruan hainbat ekintzaile apartheid trenbidearen proiektuaren afera mahaigaineratzen saiatu ziren. Kanpoan, berriz, manifestari talde batek CAFen egoitzaren atera eraman zuen protesta eta handik, kalejiran, Beasaingo kaleetara. Hor, ordubetez aritu zen Uhintifada irratsaioa, aire zabalean, aldarrikapen eta festa giroko jardunaldi horretara ekarpen xumea egiten. Tarte horretan bat-bateko hainbat testigantza bildu genituen gure mikrofonootara, besteak beste, Asier ekintzaile ordiziarrarena. Asier Jerusalemeko apartheid trenbidearen aurkako Euskal Herriko koalizioko kidea da eta Goierriko lan taldekoa, eta bere jardunean protesta egun horretako gorabeherez aritu zitzaigun. Jarraian, Mikel "Topo" izan genuen solaskide. "Topo" Hutsun txalapartari taldeko kidea da eta protestaldiarekin bat egitera etorria zen. Eskarmentu handia du Palestinan, bertan ibilitakoa baita txalaparta jotzen, eta bere jardunean bidaia horren esperientzien inguruan aritu zitzaigun. Bestetik, Amaia Elorza abokatu beasaindarraren testigantza ere ekarri genuen gure mikrofonootara. Elorzak sei urtetik gora eman ditu Palestinan; Bethlehem eskualdeko Aida errefuxiatuen kanpamenduan bizi eta lanean, hain zuzen; eta bere solasaldian kontatu zigun kolonien menpe bizitzearen eskarmentua eta nola eragiten dioten kolonia horiek eta kolonien inguruan eraikitako azpiegiturek palestinarren eguneroko bizimoduari. Azkenik, Sofia Garcia ere izan genuen solaskide. Garcia Amnesty International erakundeko arduraduna da Euskal Herrian eta bere erakundeak ere bat egin du apartheid trenbidearen aurkako koalizioarekin. Bere jardunean azaldu zuen erakundeak beretzat hartu duela CAF Jerusalemeko proiektutik erretiratzeko kanpainia, eta kanpainak mundu mailako oihartzuna hartzeak kalteak eragin diezazkiekeela konpainiaren irudi korporatiboari eta bere nazioarteko jarduerari.
|
UHintifada
|
2023/06/07 |
Datorren ekainaren 10ean CAF trengintza konpainiak urteroko Akziodunen Batzar Orokorra antolatu du bere Beasaingo egoitzan. Espero liteke topagune hori foro egokia izatea enpresako zuzendaritzak azalpenak eman ziezaien akziodun eta inbertsiogileei nazioarte mailan eskuartean darabiltzan proiektuen inguruan; besteak beste; nazioarteko legedia urratuz, eta okupaziopeko eremuetan zehar, konpainia gipuzkoarra Jerusalem Ekialdearen eta Jerusalemeko hirigunearen artean eraikitzen ari den tranbia linearen inguruan. Baina, zantzu guztien arabera, beste behin ere, seguruenik, ezikusiarena egingo dute etxeko korridorean duten elefantearen aurrean. 2019an Israelgo administrazioak eremu palestinarrean ilegalki okupatutako koloniak azpiegitura egonkor batez hornitzeko proiektuaren kontratua esleitu zien CAFek eta Shapir konapinia israeldarrak osatutako patzuergoari, proiektua nazioarteko zuzenbidearen kontrakoa bada ere. Gogoratu behar da Shapir, CAFen bazkidea, NBEren zerrenda beltzean dagoela, Palestinako okupazioarekin aberasten den enpresetako bat delako. Proiektu polemiko horretarako lehiaketan parte hartzekoak ziren beste nazioarteko enpresa guztiak erretitratutakoan, CAFek eskuratu zuen kontratua, eta seguruenik horretan parte hartzeak etekin oparoak ekarriko dizkie, epe laburrean, konpainiako zuzendariei; baina epe luzean kalte handia egingo dio enpresaren irudi korporatiboari. Izan ere, dagoeneko nazioarteko merkatuetan jomugan zituzten hainbat kontratuetako parte hartzea kolokan dago. Kontu honetaz hitz egiteko Amaia Elorza abokatu beasaindarra gonbidatu dugu Uhintifadako mikrofonootara. Elorza sei urte luzez aritu da Palestinan bizitzen eta lanean, hain zuzen ere, Bethlehem eskualdeko Aida errefuxiatuen kanpamenduan. Orain, berriz, Beasainen bizi da, txanponaren ifrentzuan, kolonizazioaren azpiegiturak eraikitzen ari den konpainia hain errotuta dagoen eskualdean.
Bere jardunean Elorzak azaldu digu gertutik ezagutu zuen egoera hura, kolonien itzalean bizitzea zer den, eta nola eragiten dion kokaleku ilegalen sare horrek palestinarren bizimoduari. Haren esanetan, koloniek baldintzatu dute baserritar palestinarren bizibidea, eta oro har, bertako populazioaren mugikortasuna. Gainera, kolonoek etengabe jazartzen dituzte palestinarrak, bortizkeriaz eta inpunitate osoz. Azaldu du, halaber, Israelek historian zehar baliabideak aldatu dituela betiko xedeari eusteko, alegia, lurraren kolonizazioari. Garai batean bertako populazioa tankeen indarrez kanporatzen zuten bezala, egun apartheid legediaz eta azpiegitura baztertzaileak eraikiz egiten dute. Azpiegitura horien helburua bikoitza da; batetik, okupatutako lurrak Israelekin konektatu eta Israelgo eremua de facto zabaltzea; eta bestetik, eremu palestinarrak sakabanatu eta isolatzea, eta haien erresistentzia gaitasuna zatikatzea. Bestalde, azaldu ditu proiektu hau ilegala dela egiaztatzeko gako legalak, eta zertan egiten duten iruzur CAFek eta Eusko Jaurlaritzak berak euren argudiabideetan.
Beste alde batetik, Goierriko ikuspegiari dagokionez, aitortzen du beldurra dagoela langile batzuen artean, kontratu horren galerak ekar litzakeen ondorioengatik, eta oro har, Gipuzkoan ez dagoela mugimendu nabarmenik proiektu honen kontra. Bere iritziz, ikuspegi etikoa alde batera utzita, asko kezkatuta daude kontratu hau bertan behera geratzeak epe laburrera ekar litzakeen ondorioekin, baina hemendik urte batzuetara ekar ditzakeen ondorioak okerragoak izan daitezke, CAF kolonzazioarekin aberasten diren konpainien zerrenda beltzean sartuko balitz, nazioarte mailako kontratu asko konprometituta gera litezkeelako.
|
UHintifada
|
2023/05/31 |
Datorren ekainaren 10ean CAF trengintza konpainiak urteroko Akziodunen Batzar Orokorra antolatu du bere Beasaingo egoitzan. Espero liteke topagune hori foro egokia izatea enpresako zuzendaritzak azalpenak eman ziezaien akziodun eta inbertsiogileei nazioarte mailan eskuartean darabiltzan proiektuen inguruan; besteak beste; nazioarteko legedia urratuz, eta okupaziopeko eremuetan zehar, konpainia gipuzkoarra Jerusalem Ekialdearen eta Jerusalemeko hirigunearen artean eraikitzen ari den tranbia linearen inguruan. Baina, zantzu guztien arabera, beste behin ere, seguruenik, ezikusiarena egingo dute etxeko korridorean duten elefantearen aurrean. 2019an Israelgo administrazioak eremu palestinarrean ilegalki okupatutako koloniak azpiegitura egonkor batez hornitzeko proiektuaren kontratua esleitu zien CAFek eta Shapir konapinia israeldarrak osatutako patzuergoari, proiektua nazioarteko zuzenbidearen kontrakoa bada ere. Gogoratu behar da Shapir, CAFen bazkidea, NBEren zerrenda beltzean dagoela, Palestinako okupazioarekin aberasten den enpresetako bat delako. Proiektu polemiko horretarako leihaketan parte hartzekoak ziren beste nazioarteko enpresa guztiak erretitratutakoan, CAFek eskuratu zuen kontratua, eta seguruenik horretan parte hartzeak etekin oparoak ekarriko dizkie, epe laburrean, konpainiako zuzendariei; baina epe luzean kalte handia egingo dio enpresaren irudi korporatiboari. Izan ere, dagoeneko nazioarteko merkatuetan jomugan zituzten hainbat kontratuetako parte hartzea kolokan dago. Kontu honetaz hitz egiteko Santiago Gonzalez Vallejo ekonomilaria gonbidatu dugu Uhintifadako mikrofonootara. Gonzalez Comité de Solidaridad con la Causa Árabe erakundeko kidea da eta azken urteotan CAFeko akziodun ere bihurtu da, horrela Akziodunen Batzarrean parte hartzen utziko ziotelakoan, baina gaur egun arte ez diote utzi.
Bere jardunean Gonzalezek proiektuaren gorabeheren berri eman digu, zein puntutan dagoen gaur egun Jerusalemeko tranbia linearen eraikuntzaren proiektua, eta konpainia gipuzkoarraren eta erregimen sionistaren administrazioaren artean dagoen sintonia ona. Ohartarazi du CAFek darabilen etika gutxiko jokaerak ondorioak ekarriko dizkiola nazioarte mailan. Zentzu horretan, salatu du CAFek ezentzunarena egin duela Kontakturako Nazio Puntuak egindako ohartarazpen guztien aurrean. Izan ere, Espainiako Industria Ministerioari atxikitako erakunde horrek txosten ez-finantziero batzuk eskatu zizkion Beasaingo konpainiari eta honek gezurra esan zuen dokumentazio horretan. Besteak beste, adierazi zuen proiektua Israelen egiten ari dela; eta trenbidearen ibilbidea, argi eta garbi, nazioarteko zuzenbideak okupatutzat hartzen dituen eremuetan zehar eraikitzen ari da. Azaldu du, halaber, proiektu horren garapenak Palestinako populazioaren bortxazko deserriratzea dakarrela, eta hori Genevako Itunak debekatzen duela, eta Amnesty International bezalako erakundeek ere salatu dutela. Nabarmendu du, gainera, Norvegiako kasua. Bertan CAFek etorkizuneko kontratuak gal litzake, izan ere, Osloko Udalak iragarri berri du baztertu egingo dituela kontratu publikoetatik Israelgo kolonietan eskuhartzea duten enpresak. Bestalde, azaldu du Europako Sindikatuen batzarrean onartu berri dutela dokumentu bat koloniekiko merkataritza harremanak debekatu daitezela galdegiteko, eta horrek, etorkizunean, ondorioak ekarriko dizkiola CAFi. Azkenik, dei egin du CAF eraikitzen ari den apartheidaren tranbiaren afera presente egon dadila datorren ekainaren 10eko batzarrean, eta horretarako, ahalik eta jende gehien joan dadila egun horretan Beasainen deitutako protestaldietara.
|
UHintifada
|
2023/05/25 |
Maiatzaren 15ean 75 urte bete ziren Israelgo estatua alde bakarrez aldarrikatu eta palestinarren hondamendia abian jarri zenetik. Bertakoek Nakba deitzen diote, arabieraz, zorigaiztoko egun horri. Egiari zor, Palestinaren eremuan bizi zen populazioa garbitu eta bertan juduentzako estatu bat ezartzeko proiektua mende erdi bat lehenago hasi zen mamitzen, mugimendu sionistaren sorrerarekin batera, eta zazpi hamarkada geroago garbiketa etniko kanpainia hark bere horretan dirau, hori bai, garai modernoetako eskakizunetara egokituta. Behinola, gudaroste paramilitar sionistek burututako sarraski ankerrek bultzatu zituzten 800.000 palestinarretik gora erbestera. Gaur, metroz metro konkistatutako lur eremu horiei behin betikotasun bermea emateko, Israelgo erregimenak azpiegitura iraunkorrak baliatzen ditu, horien artean Jerusalem Ekialdeko koloniak hirigunearekin lotzen dituen tranbia. Trenbide horren eraikuntzan Beasaingo CAF enpresa dago nahasita eta krimen horretan parte hartu izanak zehar kalte nabarmena ekarri dio mundu mailan bere irudi korporatiboari.
Gauzak horrela, Israelgo erregimenak bere irudi publikoa zuritzeko bere propaganda aparatuak baliatzen dituen bezala, haren politika kolonialetan esku hartzea duten nazioarteko eragile eta konpainiek ere zurikeria-kanpainia erakinkorren beharra dute euren etika gutxiko jokaerak ezkutatzeko. CAFen kasuan euskara eta euskal kulturaren inguruko ekimenen sustengua da bere jokabide kriminalaren gaineko arreta desbideratzeko trikimailua; dela Korrikaren kilometro bat diruz lagunduz; dela, azken asteotan bezala, CAF-Elhuyar zientzia sariak sustatuz. Estraegia horri "Euskalwashing" izena eman zaio.
Azken egunotan BDZ mugimenduak jokaera hori salatu du Euskal Herriko prentsako hainbat hedabidetan argitaratutako artikulu batean. Hori dela eta, mugimendu horretako kide bat gonbidatu dugu Uhintifadako mikrofonootara horren gainean gogoeta egitera. Peiok, BDZ taldeko kideak, azaldu digu saiatu direla Elhuyar fundazioarekin harremanetan jartzen, bere irudiaz CAFen zurikeria-kanpainari laguntza emateari utz diezaion, baina alferrikakoa izan dela. Nolanahi ere, datorren ekainaren 10ean Beasaingo konpainiak akziodunen urteroko batzarra antolatu du eta, urtero bezala, Jerusalemeko proiektu ilegalaren auzia mahaigaineratzen saiatuko dira. Horretarako, protestaldia antolatu dute bilkuraren tokiaren atarian. Espero dute elkarretaratzea jendetsua izatea eta dei egin diete palestinarren giza eskubideekiko kezka duten pertsona guztiei.
|
|
|