2023/06/07 |
Datorren ekainaren 10ean CAF trengintza konpainiak urteroko Akziodunen Batzar Orokorra antolatu du bere Beasaingo egoitzan. Espero liteke topagune hori foro egokia izatea enpresako zuzendaritzak azalpenak eman ziezaien akziodun eta inbertsiogileei nazioarte mailan eskuartean darabiltzan proiektuen inguruan; besteak beste; nazioarteko legedia urratuz, eta okupaziopeko eremuetan zehar, konpainia gipuzkoarra Jerusalem Ekialdearen eta Jerusalemeko hirigunearen artean eraikitzen ari den tranbia linearen inguruan. Baina, zantzu guztien arabera, beste behin ere, seguruenik, ezikusiarena egingo dute etxeko korridorean duten elefantearen aurrean. 2019an Israelgo administrazioak eremu palestinarrean ilegalki okupatutako koloniak azpiegitura egonkor batez hornitzeko proiektuaren kontratua esleitu zien CAFek eta Shapir konapinia israeldarrak osatutako patzuergoari, proiektua nazioarteko zuzenbidearen kontrakoa bada ere. Gogoratu behar da Shapir, CAFen bazkidea, NBEren zerrenda beltzean dagoela, Palestinako okupazioarekin aberasten den enpresetako bat delako. Proiektu polemiko horretarako lehiaketan parte hartzekoak ziren beste nazioarteko enpresa guztiak erretitratutakoan, CAFek eskuratu zuen kontratua, eta seguruenik horretan parte hartzeak etekin oparoak ekarriko dizkie, epe laburrean, konpainiako zuzendariei; baina epe luzean kalte handia egingo dio enpresaren irudi korporatiboari. Izan ere, dagoeneko nazioarteko merkatuetan jomugan zituzten hainbat kontratuetako parte hartzea kolokan dago. Kontu honetaz hitz egiteko Amaia Elorza abokatu beasaindarra gonbidatu dugu Uhintifadako mikrofonootara. Elorza sei urte luzez aritu da Palestinan bizitzen eta lanean, hain zuzen ere, Bethlehem eskualdeko Aida errefuxiatuen kanpamenduan. Orain, berriz, Beasainen bizi da, txanponaren ifrentzuan, kolonizazioaren azpiegiturak eraikitzen ari den konpainia hain errotuta dagoen eskualdean. |
Astelehenero 20:00-21:00 tartean, "Uhintifada" da Hala Bedi Irratiaren eta 97.0 Irrati Librea uhin askeetako palestinarren ahotsa. Palestinari buruz eta berarekin jarduten duen programa da. Mundu mailako intifadarako gonbidapena. Adi guztiok seinalera!
Kuña jaitsi: [mp3]
+Video