UHintifada
|
2023/05/19 |
Maiatzaren 15ean 75 betetzen dira Nakba egunetik, Israelgo estatuaren alde bakarreko aldarrikapenak eragin zuen hondamendi palestinarretik, alegia. Egia esan, Palestina historikoaren eremuaren gainean estatu judu bat sortzeko bertako populazioa garbitzea helburu zuen proiektua hamarkada batzuk lehenago jarri zen abian, ia mugimendu sionista sortzearekin batera, baina estatu hebriarra aldarrikatutakoan legalitate bermea eman zitzaion proiektu garbitzaile hari. Izan ere, hilabete batzuk lehenagotik, gerora israelgo armada erregularra osatuko zuten talde paramilitar sionoistek sarraski bereziki anker eta zitalak burutu zituzten palestina historikoaren eremuan. Horietako batzuk bereziki odoltsuak eta kupidagabeak izan ziren, hala nola Deir Yasinekoa (1948ko apirilaren 9an), izan ere, triskantza haien helburua palestinarren artean izua eta ikara zabaltzea zen erbestera ihes egin zezaten. Gauzak, horrela, Nakbaren testuinguruan 800.000 palestinarretik gorak alde egin behar izan zuten bortizkeria sionistatik ihesian, eta gur egun errefuxiatuen kolektibo hori 6 milioi pertsonatik gorak osatzen dute. Nolanahi ere, 75 urte geroago, XX. mendearen hasieran mugimendu sionistak Palestinako populazioa desagertarazteko abian jarri zuen garbiketa etniko proiektu hark bere horretan dirau, hori bai, gaur egun garai berrietara egokitutako prozedurak baliatuz, palestinarren bizi baldintzak bideraezinak bilakatzea helburu dutenak; besteak beste; Palestinatik geratzen den eremuaren bantustanizazioa, apartheid harresiaren bitarteko populazio palestinarraren bazterkeria, Gazako zerrendaren blokeoa, apartheid legedia, kolonbien hedapena eta palestinarren etxe eta eraikuntzen etengageko birrinketa... Azken garaiotan, gainera, garbiketa etniko prozesu horri sustengua emateko azpiegitura egonkorrak eraikitzen ari dira. Nazioarteko zuzenbideak okupatutzat hartzen duen eremuan kokatutako kolonia horiei iraunkortasun bermea emateko baliatzen dira azpiegitura egonkor horiek. Horietako bat Jerusalemeko hirigunea eta Jerusalem Ekialdeko koloniak lotzen dituen trenbidea da. Trenbide horren eraikuntzan Euskal Herriko CAF trengintza konpainia ari da lanean, eta EAEko gobernuaren diru parte hartzeaz gerra krimen batean murgilduta dago. Horregatik guztiagatik, Uhintifadako atal berezi honetan irrati-arkeologia ariketa bat egin nahi izan dugu, eta horretarako, irratsaioko 14 urte hauetan Nakbaren inguruan hainbat gonbidatuk utzi dizkiguten gogoetak eta testigantzak berreskuratu ditugu. Alde batetik, Palestinako historiaren pasarte lazgarri hura ikertu duten hainbat historialariren hitzak jaso ditugu, besteak beste Ilan Pappe historialari israeldarrarena. Pappe historialari kritikoa da Israelen kontakizun historiko ofizilalarekin eta 2006an "Garbiketa etnikoa Palestinan" izeneko liburua argitaratu zuen. Ondorioz, Haifako Unibertsitateko bere lanpostua utzi eta Britania Handira erbesteratu behar izan zen. Gaur egun bertan dihardu irakasle lanetan, Exeter Unibertsitatean. 2012an izan genuen harekin solasteko aukera eta elkarrizketa hartan azaldu zizkigun, zurruntasun historikoaren ikuspegitik, Israelek Nakbako gertaeren kontakizunean egiten dituen akatsak. Bere esanetan, zalantza izpirik gabe, hura garbiketa etnikoa izan zen. Bestetik, 2016an Sharif Kanaana antropologo palestinarrarekin izan genuen solasaldiaren pasarte bat ere berreskuratu dugu. Kanaana, bere adinagatik, bertatik bertara bizi izan zuen Nakba, eta gainera historiako tarte hura ikertu egin du. Horrez gain, gaur egun UNESCOko aholkularia da. Elkarrizketa hartan Nakbaren kontakizunaren inguruan Israelek argudiatzen dituen gezurrak desmuntatu zituen; eta salatu zuen, tamalez, sinesgarritasun handiagoa ematen zaiela historialari israeldarrei, baita kritikoei ere, israeldar izate hutsagatik, eta ez zaiela trataera berbera ematen historialari palestinarren analisiari edota sarraski hartatik bizirik atera zirenen testigantzari. Baina adituen analisitik harago hondamen hartatik bizirik atera zirenen lekukotasuna ere jaso nahi izan dugu, haiena eta baita gaur egun jaioterrira bueltatzeko aldarrikapenari eusten dioten haien ondorengoena ere. Testigantza horietatik lehenengoa Leila Khaled ekintzaile palestinar historiko eta PFLP alderdiko militantearena da. 2017an izan genuen harekin solasteko aukera eta elkarrizketa hartan kontatu zigun nola ume txikia zela eta familiarekin batera Haifako jaioterritik ihes egin behar izan zuen. Halaber, beste hainbat errefuxiaturen testigantzak jaso ditugu; hala nola Nisreen Mashalena. Mashal sukaldaria eta Dehisheh (Bethlehem) kanpamenduko errefuxiatua da. egun espainiar estatuan bizi da erbesteratuta. Naji Owdah ekintzaieari egindako elkarrizketaren pasarte bat ere entzun dugu. Owdahk Laylac erakundea zuzentzen du Deisheh errefuxiatuen kanpamenduan. Eta azkenik, Salah Jamal idazle palestinar-katalanaren lekukotasuna ere berreskuratu dugu. Jamal Nablusen jaioa da eta, besteak beste, "Nakba. Palestinako bizitza eta erresistentziaren 48 kontakizun" izeneko liburua idatzi du.
|
|
UHintifada
|
2023/04/27 |
Aste honetako arretaren jomuga Jerusalemen jarri dugu, izan ere, azken asteotan Israelgo erregimen kolonialaren armadak eraso bortitzak burutu ditu hiri honen kontra. Erasoak, gainera, ramadanaren ospakizunen testuinguruan gertatu dira, eta komunitate musulmanaren otoitz leku esanguratsuen kontra zuzendu dituzte, bereziki Al Aqsa mezkitaren kontra. Bortizkeriaren gorakada hau duela hilabete batzuk abiatu zen Zisjordanian, eskuin muturra gobernu hebriarrera sartzearekin batera, baina duela hainbat hamarkada erregimen sionistak Palestinako bertako populazioaren kontra zuzendutako garbiketa etnikoaren kanpainiaren testuinguruaren barruan kokatzen da. Eraso hauek eta erasook gertatzen diren testuinguru politikoa aztertzeko Eugenio Garcia Gascon izan dugu solaskide Uhintifadako mikrofonootan. Garcia Gascon itzal handiko kazetaria da, hiru hamarkadatik gora bizi izan da Jerusalemen eta bertan garatu du bere ibilbide profesionala. Bere jardunean azaldu du Israelgo gobernua Zisjordania bereganatzeko kanpainia areagotzen ari dela, eta politika anexionista horrek babes handia jaso duela eskuin mutur ultranazionalista eta erlijiosoa gobernuan sartu denetik, baina ez hori bakarrik, nazioarteko herrialdeen utzikeria ere lagungarria izan da Zisjordaniako anexioaren azeleradorea zapaltzeko. Kontatu du Israelgo okupazio indarrak eta hango buruzagi politikoak etengabe ari direla palestinarrak probokatzen erantzun bortitz bat eragiteko eta, horrela, populazio palestinarraren aurkako zanpaketa eta jazarpena justifikatzeko. Bestalde, salatu du Israelgo oposizio politikoaren barruan ez dagoela batere jarrera kritikorik eta horrek hauspoa ematen diola gobernuari anexio politikekin jarrai dezan. Azaldu du lurra desjabetzeko eta koloniak zabaltzeko politika hori 1948tik garatzen ari direla, eta berdin diola Israelgo gobernuan nor dagoen, berdin jokatuko baitute. Salatu du, halaber, nazioarteko komunitateak ez diela aurre egiten politika anexionista hauei eta horrek areagotu egiten duela prozesu hau. Beste alde batetik, salatu du orain, gainera, eraso hauek gobernu laboristen garaietan ez bezala osagai erlijioso bat daukatela, gobernuan eskuin mutur erlijiosoa dagoelako. Bestalde, kritikatu du Palestinako Agintearen gobernua ez zaiela erantzunik ematen ari palestinarren kontrako erasoei, izan ere, bere eginkizun bakarra da okupazioa kudeatzea eta okupatutako eremuak administratzea. Gauzak horrela, Mahmud Abbasen gobernuak zilegitasun guztia galdu du populazio palestinarraren aurrean, eta agortuta dago, azken 18 urteotan ez baita prozesu demokratikorik izan. Haren ustez, beste hauteskunde prozesu bat antolatuko balitz, eta inkesta guztien arabera, Hamas mugimendu islamikoak irabaziko luke. Ramadanaren ospakizunak bukatutakoan aurrikusten du, Jerusalemen aurkako erasoak gora behera, Israelek jarraituko duela hainbat hamarkadatako garbiketa etnikorako politikak garatzen.
|
UHintifada
|
2023/04/05 |
Iragan martxoaren 16an 20 urte bete ziren Rachel Corrie ekintzaile estatubatuar gaztea erail zutenetik. Corrie Rafah eskualdean zegoen, Gazako hegoaldean, palestinarren etxebizitza bat birrintzekoa zen Israelgo armadako bulldozerraren ibilbidea oztopatu nahian, ibilgailu militarrak zanpatu eta hil zuenean. Bi hamarkada geroago oraindik ez da erailketa horren inguruko erantzunkizunik zuritu. Corrie Israelgo armadak Palestinako lurraren barruan erail zuen lehenengo nazioarteko ekintzailea izan zen, eta gerora beste batzuk ere izango ziren. Gertaera hura oroitzeko Lidon Soriano izan dugu gonbidatuta Uhintifadako mikrofonootan. Soriano ekintzaile beteranoa da eta Komite Internazionalistak Palestinan antolatu dituen brigadetan koordinatzaile lanetan ibilitakoa. Bere jardunean Rachel Corrieren erailketaren historia kontatu digu, eta gogoratu du beste nazioarteko ekintzaile askok ere bizitza eman dutela Palestinarekiko elkartasun jardueretan zebiltzala, besteak beste, Tom Hurndall britaniarrak, Vittorio Arrigoni italiarrak edota Askatasunaren Ontzidiko bederatzi ekintzaileak, 2010ean Gazako zerrendara lurreratzera zihoazela abordaje batean eraildakoak. Haren esanetan, kasu hauek anekdotikoak suerta litezke palestinarrek duela mende batetik pairatzen duten etengabeko odolustearen aldean, nolanahi ere, oso kasu sinbolikoak dira eta merezi dute gogoan izatea. Salatu du, halaber, Israelek tratu iraingarri etengabea ezartzen diela Palestinara bidaiatzen duten nazioarteko ekintzaile solidarioei, eta bere eskarmentu pertsonala ere kontatu du, izan ere, behin Suitzan atxilotu zuten eta ordu askotako itaunketa pasarazi zioten. Zentzu horretan, azaldu du Israelek legedi berria onartu duela nazioarteko ekintzaileen Zisjordaniarako eta Gazarako sarrera areago murrizteko. Gainera, azken hamarkada hauetan inoiz baino gehiago garatu da teknologia artifiziala eta haren erabilera gizarte kontrolerako. Teknologia horren aintzindari nagusietako bat Israel da, izan ere, palestinarrak kontrolatzeko erabiltzen dute eta, gerora, benetako gerra-testuinguruan erabili direlako bermearekin saltzen dituzte produktu horiek mundu osoan. Bestalde, defendatu du Palestinara nazioarteko lekukoak joaten jarraitzeko beharra; batetik, bertako populazioari bakarrik ez daudelako mezua helarazteko; eta bestetik, Israeli indar okupatzailea dela eta normaltasunez onartzen ez ditugula jakinarazteko. Horrez gain, nazioarteko presentziak balio du, era berean, herri palestinarra ikustarazteko eta haren erresistentziaren testigantza emateko. Gauzak horrela, azpimarratu du Palestinara bidaiatzen jarraitzearen garrantzia, gure testigantzaz Palestinaren kolonizazioaren inguruan lobby sionistaren menpeko hedabideek eraikitako kontakizuna desmuntatzeko.
|
UHintifada
|
2023/03/28 |
Martxoaren 30ean Palestinako Lurraren Eguna oroitzen da nazioarte mailan. Jardunaldi horretan 1976an erregimen sionistak Galilean burututako sarraskia ekartzen da gogora. Orduan, okupazio armadak burututako lurren lapurretaren kontra protestan ari ziren palestinarrak erasotu eta sei lagun erail zituen Palestina Historikoko eskualde horretan. Urteurren honen harira, diasporako palestinarren bizipena ekarri nahi izan dugu irratsaiora, urruntasunetik familiaren jaioterrira bueltatzeko eskubidearen aldarrikapenari eusten diotenena, alegia. Horixe da gure gaurko gonbiatueren kasua. Jaldia Abubakra Masar Badil (Palestinako Ibilbide Iraultzaile Alternatiborako Mugimendua) mugimenduko kidea da eta Gazan jaio zen, jaioterria 48an okupatuetako eremuetako Beerseba herrian zuen familia errefuxiatu baten baitan. Bere jardueran azaldu digu lurra lapurtzeko jokaera horrek bete-betean jarraitzen duela palestinarren garbiketa etnikoa abian jarri zenetik ehun urtera, eta zenbait estrategia ezberdin darabiltela lapurreta hori burutzeko; besteak beste; etxebizitzak eta herri osoak suntsitzea, palestinarrei etxebizitzak eraikitzeko edo berritzeko baimenak behin eta berriz ukatzea, edota ekintzaileen familiak etxebizitzak birrinduz zigortzea. Bestetik, Gazako eskualdean, kasu, bonbardaketa zuzenen bidez gauzatzen dute lur-besjabetasuna. Cisjordanian, ordea, harresia baliatzen dute palestinarren auzuneak banatzeko eta lur eremuak zuzenean bereganatzeko. Bere eskarmentu pertsonalari dagokionez, kontatu digu bere familiaren jaioterrian oraindik ere palestinarrak geratzen direla, baina parke natural bat eraikitzeko aitzakian kanporatzen ari direla. Hori da, bere esanetan, jatorrizko populazio palestinarra historiatik desagertarazteko beste baliabide bat. Gauzak horrela, urteurren honetan diasporako palestinarrek ekitaldiak antolatzen dituzte, Palestinan gertatzen ari dena ikustarazteko, eta Europako erakunde eta korporazioek Israelekin duten elkarlan-harremana salatzeko. Bestalde, salatu du azken ehun urteotan prozedurak aldatu badira ere, erregimen sionistak palestinarren aurkako garbiketa etnikoa gauzatzen jarraitzen duela, indarkeria baliatuz, eta 48an erabateko genozidioaren bitartez egiten zutena orain tantaka egiten dutela, palestinarrak alde eginarazteko euren bizimodua jasaezina bilakatuz. Bere ustez, jardundide horren atzean Palestinako kokapen estrategikoa datza Mendebaldetik Ekialde Hurbilerako sarbidean baitago. Beste aldetik, espreski salatu du CAF bezalako mugaz gaindiko konpainiek Palestinako kolonizazioan duten eskuhartzea, okupazioaren azpiegituren eraikuntzan zuzenean parte hartzen ari direlako. Izan ere Beasaingo konpainia Jerusalemen eraikitzen ari den trenbideak Ekialdeko kolonia ilegalak hirigunearekin lotuko ditu. Zentzu horretan, dei egin digu gure gobernuei presioa egin diezaiegun, enpresa horiei ematen dizkieten diru laguntzak eteteko, harik eta gerra krimen batean parte hartzeari uzten dioten arte. Azkenik, presoen kolektiboan mamitzen ari diren mugimenduen berri ere eman digu. Izan ere, Israelgo administrazioak heriotza zigorra legeztatuko duen lege proposamena iragarri du eta horrek berme legala emango lioke orain harte palestinarren aurka egunerokoa izan den jarduera horri. Hori gaitzesteko presoek protestaldiak antolatzen dihardute.
|
UHintifada
|
2023/03/22 |
Martxoaren 13an Mahmud Darwish idazle palestinarraren jaiotzaren urtemuga oroitzen da. Darwish egile maitatu eta itzal handikoenetakoa da Palestinan zein Palestinatik kanpo, eta Uhintifadan probestu nahi izan dugu efemeridea literatura palestinarreko autore ospetsu hau hobeto ezagutzeko. Alde batera utzi dugu azken asteotako aktualitate lazgarria, sionismoak Zisjordania gainean burututako ofentsiba latzak baldintzatuta, eta Palestinako kulturaren pertsonaia erreferente hau izan dugu hizpide, izan ere, bere urtemugaren bueltan Ediciones del Oriente y el Mediterraneo argitaletxeak idazlearen azken urteotako elkarrizketak biltzen dituen liburua kaleratu du: "El poeta troyano. Conversaciones sobre la poesía de Mahmud Darwish". Palestinako literaturaren egile hau gertuagotik ezagutzeko Luz Gomez izan dugu solaskide gure mikrofonootan, liburuaren ekoizle eta itzultzailea. Gomezek kontatu digu bere solasaldian Darwishen ibilbide pertsonal, literario eta politikoa; 1941ean Al Birwa herrixkan jaio zenetik. Bere jaioterria Nakbaren testuinguruan suntsitu zuten eta berak, 7 urte zituelarik, ihes egin behar izan zuen. Gertaera horrek idazlearen bizitza markatu zuen, Nakbatik bizirik atera ziren milaka palestinarrena bezala. Geroago Palestinara bueltatu zen eta Haifan idazten hasi zen, Isarelgo Alderdi Komunistaren argitalpen batean. Bere idazkien edukia zela-eta jazarpena eta kartzelaratzeak pairatu zituen, eta 70eko hamarkadan erbestera joan zen. Darwishek onartzen du bere istorioa istorio pertsonala bada ere, 1948tik palestinarrek pairatzen duten hondamendi-historia kolektiboaren parte ere badela. Besteak beste, Ghassan Kanafanik bultzatutako "Erresistentziarako Poesia Palestinarra" mugimenduak eragina izan zuen Darwishen obran. Erbestean PAEn sartu zen. 1982an, Beiruteko inbasioan, uko egin zion PAEren agintaritzarekin batera Libano uzteari. Palestinako aginte politikoaren zuzendaritzarekin izan zituen tirabirak Osloko Akordioetatik aurrera areagotu ziren, izan ere, haren ustez, hitzarmen horiek indar okupatzailearen aurrean amore ematea zekarten. Nolanahi ere, harreman ona izan zuen Yasser Arafatekin, eta Palestinako Independentzia Adierazpenaren erredakzioan parte hartu zuen. Beti izan zuen jarrera independiente bat eta uko egin zion PANren barruan kargurik izateari. Azken urtetan ramallahn bizi izan zen, eta eguneroko gaiei dedikatu zien bere lana. Gomezek azaltzen du Darwishen bertsoak Palestinako kulturaren ondare kolektiboaren parte bilakatu direla, eta horrexegatik dela hain maitatua. Bestalde, nazioarte mailan ere itzal handia izan du, poesia eta konpromezu soziala uztartzeko gaitasunagatik. Darwishek porrota susmatu egiten zuen eta kantu ere egiten zion, olerkari troiartzat zuen bere burua, galtzaile-leinu bateko kidea, baina aldi berean, sinisten zuen Troia fisikoki desagertu bazen ere, haren izenak bizirik dirauela. Darwishen izenak bizirik dirauen bezala.
|
|
|