Portada Multimedia
Multimedia
UHintifada 441: Santiago Gonzalez Vallejo: «Dela utzikeria ideologikotik dela ezjakintasunagatik, zenbait alderdik onartu egin dute bidea ematea Lege Proposamen honi, zeinak antisemitismoaren definizioa bihurtzen duen Israelen eta sionismoaren aurkako kritikak bere baitan hartzeko» PDF Inprimatu Email
UHintifada
2022/11/17

UH441-eIragan urriaren 4an Espainiako Diputatuen Kongresuan antisionismoa antisemitismoarekin parekatzen duen Lege Proposamena aurkeztu zen. Aurrera aterako balitz, legeak antisemitismotzat hartuko lituzke Israelgo politika genoziden aurkako edozein kritika, edo apartheid erregimenaren aurkako edozein boikot dei. Proposamena PP eta VOX alderdiek aurkeztu zuten eta PSOEren sostengu parlamentarioa ere izan zuen, eta gauzatuko balitz, Palestinarekiko elkartasun mugimendua kriminalizatzeko oinarriak ezarriko lituzke espainiar estatuan. Ekimen parlamentario hau aztertzeko Santiago Gonzalez Vallejo izan dugu gonbidatuta Uhintifadako mikrofonootan. Gonzalez Vallejo ekonomilaria da eta Comite de Solidaridad con la Causa Arabe erakundeko kidea.
Bere jardunean azaldu du lege proposamen horren edukia. Argitu du proposamenaren testuan Holokaustoaren Oroimenerako Nazioarteko Itunak (IHRA) bultzatutako antisemitismoaren definizioa hartzen dela ontzat, eta definizio horrek sartzen dituela adibideen artean sionismoaren aurkako kritikak eta Israelgo estatuaren interesen aurkako jarduera politikoak. Proposatu du definizio alternatiboa izan litekeela Jerusalemeko Adierazpenak sustatu zuena, logikari lotuagoa delako. Adierazi du BDZ mugimendua (Israelgo apartheidaren aurkako Boikot, Desinbertsioak eta Zigorrak) definizio horretatik kanpo gelditu beharko litzatekeela, izan ere, mugimendu horrek ez du zuzentzen bere jarduna jatorri erlijioso edo etniko zehatz bateko pertsonen kontra, baizik eta apartheid erregimeneko ordezkari instituzionalen kontra. Bestetik, azaldu du zein diren IHRAren atzean ezkutzatzen diren interesak. Kontatu digu, halaber, zein den egoera beste herrialde batzuetan, besteak beste, AEBetan eta Frantzian, izan ere, bertan indarrean daude Israelen aurkako boikot mugimendua kriminalizatzen duten legediak. Zentzu horretan argitu du Estrasburgoko Auzitegiaren ebazpen batek zilegitzat hartu dituela Israelen eta sionismoaren aurkako kritikak, eta antisemitismoarekiko lotura ukatu duela. Haren esanetan, dela utzikeria ideologikotik dela ezjakintasunagatik, zenbait alderdik onartu egin dute bidea ematea Lege Proposamen honi, baina horrek ez du esan nahi behin betiko onartu denik, eta onartzekotan, onartuko den testua ez da izango hasieran proposatu zena.
Beste aldetik, kontatu digu Eusko Jaurlaritzak CAF trenbide konpainian zuen diru parte-hartze publikoa handitu egin duela, eta igoera hori konpainia nazioarteko legedia urratuz Jerusalemen eraikitzen ari den tranbiaren proiektuarekin bat datorrela, eta horren kontura galdera parlamentario bat aurkeztu dela Eusko Legebiltzarrean. Haren ustez, Eusko Jaurlaritza akats politiko eta juridikoa egiten ari da CAFeko akzioen parte-hartzea justifikatzeko argudiabidean; izan ere; Nazioarteko Zuzenbideak, konpainia pribatuak ez bezala, erakunde publikoak behartu egiten ditu.

 
UHintifada 440: Axier Lopez: «Gero eta nabarmenagoa da Palestinako belaunaldi berrien aldentzea Aginte Nazionaleko agintaritza ustelarekin, eta hori agerian geratzen ari da erresistentzia talde armatu berrien sorrerarekin» PDF Inprimatu Email
UHintifada
2022/11/08

UH440-eAzken hilabeteotan Israelgo okupazio armadak modu kezkagarrian areagotu du Zisjordaniako palestinarren aurkako bortizkeria, bereziki Nablus eta Jenin bezalako ghettoetan. Orotara, 5.292 palestinar baino gehiago atxilotu (%14 adingabeak) eta 165etik gora erail dituzte etengabeko sarekadetan urtarriletik hona. Egoera lazgarri horri erantzunez, gainera, ordura arteko erakunde politiko tradizionalekin loturarik gabeko erresistentzia armatuko talde berriak antolatzen hasi dira, iparraldeko ghettoetan batez ere. Egoera nahasi hori aztertzeko Axier Lopez kazetaria izan dugu gonbidatuta Uhintifadako mikrofonootan aste honetako atalean. ARGIA aldizkariko berriemaileak Palestinako azken garaiotako egoera lazgarri horren analisia egin du argitaratu berri duen erreportai batean: "Zer gertatzen ari da Zisjordanian?"
Bere jardunean Lopezek azaldu ditu errepresio gorakada kezkagarri hau agerian uzten duten datuak, eta zehaztu du okupazio erregimenaren bortizkeriaren jomugan Nablus eta Jenin hiriak daudela, bertan antolatu izan baita historikoki Israelen aurkako erresistentzia mugimendurik irmoena. Egoera latz horri aurre egiteko antolatzen ari diren erresistentzia armatuko taldeen artean Areen Al-Aswad (Lehoiaren Gordelekuko Zaindariak) nabarmendu du, sona handia lortu baitu nazioarteko hedabideetan. Nablusen sortutako talde armatu berri hori fakzio politiko tradizionalekin loturarik ez duten gazteek osatzen dute. Haren ustetan, horrelako talde berrien sorrerak agerian uzten du belaunaldi gazteen aldentzea Palestinako Aginte Nazionaleko agintaritza historiko ustelarekin. Areago, ez dira gutxi diotenak Israelek Zisjordanian duen kontrola PANen kolaborazioari esker gertatzen ari dela, eta agintaritza palestinarrak erresistentziaren aurka jarduten duela. Testuinguru horretan, askok ilusioz ikusten dute erresistentzia talde berri hauen sorrera, orain arteko status quo delakoa kolokan jartzen dutelako eta Palestinan zerbait mugitzen ari den seinale direlako.

 
UHintifada 439: Daniel Lobato: «Israelgo erregimena saiatzen ari da ahalik eta gehien murrizten nazioartekoen sarrera, aparheidaren menpe bizi den populazio palestinarraren testigantza jaso ez dezaten» PDF Inprimatu Email
UHintifada
2022/10/28

UH439-eAzken hilabeteotan goraka egin dute modu kezkagarrian Israelgo armadaren ekintza errepresiboek Zisjordanian eta, testuinguru horretan, aste honetako atalean Nablusera jo dugu telefono bidezko elkarrizketan, bertan baitabil Unadikum erakundeko brigada bat. Daniel Lobato brigada horretako koordinatzailea izan dugu solaskide gure mikrofonootan. Palestinaren aldeko ekintzaile eta Uhintifadako kolaboratzaileak azaldu digu brigadak helburu bikoitza daukala; batetik, nekazari palestinarrei olibaren uzta garaian laguntza eta babesa ematea, sasoi horretan kolono juduen mehatxuak eta jazarpena pairatu ohi dituztelako; eta bestetik, ibilbide politikoa egitea, Palestinako gizarte mugimenduko erakundeekin bildu eta okupaziopean bizi diren hiritar palestinarren testigantzak jasotzeko. Bere jardunean kontatu dizkigu nazioarteko ekintzaileek zein diasporako palestinarrek Palestinako eremuetan sartzeko pairatzen dituzten oztopo eta zailtasunak, eta nola zailtasun horiek areagotzen ari diren azken garaiotan, apartheid legediak okupaziopean dauden eremuetan mugikortasuna mugatzen duelako. Izan ere, brigadan parte hartzekoak ziren hainbat lagun Tel Aviveko aireportuan gelditu eta deportatu egin zituzten. Kontatu digu, halaber, okupazio erregimenak bidaia hauek koordinatu ohi dituzten erakunde palestinar gehienak ilegalizatu eta terrorista izendatu dituela, eta horrek oraindik zailagoa egin dituela brigada hauetako antolakuntza lanak. Ilegalizazio horiek okupazioaren aurkako edozein erresistentzia antolatu mota desmobilizatzeko eta deusestatzeko estrategia israeldarraren baitan kokatu ditu. Bestetik, kontatu digu Nabluseko egoera bereziki larria dela, bertan gatazka latzak daudelako erresistentzia eta okupazio indarren artean; eta arreta deitu du Israelgo armadak darabilzkien errepresio baliabideen sofistikazioaren gainean, izan ere, gero eta teknologia tresna garatuagoak erabiltzen dituzte bertako populazio palestinarra kontrolatzeko. Salatu du Palestina telkologia militarrerako laborategi bilakatzen ari dela, eta bertan probatzen direla gerora gure herrialdeetara esportatuko diren teknika errepresiboak. Azkenik, brigadista izateak suposatu dion esperientzia pertsonala ere kontatu digu, izan ere, eurekin elkarlanean dauden erakundeetako informazioa biltzeaz gain, Palestinako jendearen erresistentzia testigantzak ere euren ahotik jasotzeko aukera izan du.

 
UHintifada 438: Sofia García:«Israelek gizateriaren aurkako ekintza sistematikoak burutzen ditu zapalkuntza testuinguru instituzionalizatu baten baitan, horixe da apartheid krimena; eta CAFek, zeharka, etekina ateratzen dio Giza Eskubideen urraketa horri» PDF Inprimatu Email
UHintifada
2022/10/11

UH438-eOtsailean Amnesty International erakundeak Isaelgo estatua apartheid erregimena dela salatzen duen txostena kaleratu zuen. Argitalpena 2017an abiatutako ikerkuntza lan luze eta neketsu baten emaitza izan zen. Ikerketa horretan bildu zuten dokumentazioak agerian utzi zuen ordurako Palestinako zein nazioarteko beste eragile askok duela urte askotatik salatzen zutena: Israelek gizateriaren aurkako ekintza sistematikoak burutzen dituela, zapalkuntza testuinguru instituzionalizatu baten baitan egiten duela, eta hori apartheid krimena dela. Amnesty Internationalek argitaratutako txostena ez da palestinarren giza eskubideen aurkako krimen sistematiko hori salatzen duen lehena, baina erakundeak duen ibilbide eta itzal handiagatik, aurrekaririk gabeko oihartzuna izan du nazioarteko iritzi publikoaren aurrean.
Txosten horren edukiaren mamia aztertzeko Sofia García izan dugu solaskide Uhintifadako mikrofonootan. García Amnesty International erakundearen koordinatzailea da Euskadin eta bere jardunean azaldu digu zein diren apartheid krimena aintzat hartzeko irizpide tekniko eta legalak. Haren esanetan, Israelek irizpide horiek guztiak betetzen ditu eta horregatik, apartheid erregimentzat har dezakegu. Azaldu digu, halaber, nolakoa izan den txostena egiteko prozedura, eta zer dela eta luzatu den hainbeste denboran dokumentazioa biltzeko prozedura, izan ere, elementu asko aztertu behar izan dituzte, legeditik hasita populazio palestinarra baztertzen duten azpiegutura edo hirigintza proiektuetara. Bestalde, estatu bat apartheid erregimentzat izendatzeak ekar ditzakeen ondorio sinboliko, politiko eta legalei buruz ere mintzatu zaigu, eta ohartarazi du gero eta estatu-gobernu eta nazioarteko erakunde gehiagok apartheid estatutzat daukatela Israel. Haren esanetan, hori desinbertsio eta ondorio ekonomikoak eragiten ari da. Gainera, salatu du Israelgo erregimea txostena kalera ez zedin saiatu zela, eta behin argitaratuta, erakundea desletigimatzen ahalegindu zela.
Bestetik, Gipuzkoako CAF trengintza enpresari dagokionez, salatu du apartheidaren azpiegitura horien eraikuntzan parte hartzen ari dela, eta zeharka, Israelek burututako Giza Eskubideen urraketa horiei etekina ateratzen ari zaiela. Izan ere, Beasaingo konpainiak Israelen duen bazkidea, Shapir enpresa, dagoeneko NBEren zerrenda beltzean dago, Palestinako okupazioarekin aberasteagatik. Gauzak horrela, gonbidatu du CAF proiektu horretatik erretiratzera.

 
UHintifada 437: Jaldia Abubakra: «Miresgarria da Gazako jendearen erresistentzia gaitasuna. Oinarrizkoena falta bazaie ere, eta aire zabaleko kartzela batean bizi izanagatik, bizimodu duin bati eusten jarraitzen dute» PDF Inprimatu Email
UHintifada
2022/10/04

Uh437-eAste honetako atalean Gazako egoera jarri dugu arretaren jomugan, izan ere, iragan abuztuan Israelgo okupazio armadak beste eraso bat burutu zuen kostaldeko eskualdearen kontra, eta 50 lagunetik gora hil zituen. Oraingo honetan Jaldia Abubakra ekintzaile palestinarra izango da Uhintifadako mikrofonootara egunerokotasuneko kronika ekarriko digun solaskidea. Abubakra Palestinako diasporako kidea da. Gazan jaio zen, 48an okupatutako eremuetan kokatutako Beerseba herritik erbesteratutako errefuxiatuen familia baten baitan. Gainera, Masar Badil (Palestinako Ibilbide Iraultzaile Alternatiborako Mugimendua) mugimenduko sortzaile eta bultzatzaileetako bat da. Uda honetan, zenbait urteren buruan, bere jaioterria bisitatzeko aukera izan du, eta hango egoeraren berri eman digu. Bere jardunean Egiptorekiko mugan zehar Gazara sartzeko bizi izan zituen gora beherez hitz egin digu, izan ere, sarrera bereziki zaila izaten da daisporako palestinarrentzat edo Palestinaren aldeko ekintzaileentzat. Duela 16 urtetik gora luzatzen den blokeo horrek pertsonen eta oinarrizko lehengaien sarrerari eragiten die; baina baita irterari ere, esaterako, tratamendu medikua jasotzeko atera behar diren askok ezin izaten dute egin. Arreta deitu du, halaber, Gazako jendeak erakusten duen erresistentzia gaitasunaren inguruan, izan ere, blokeoaren ondorioz oinarrizko beharrak asetu ezin badituzte ere, bizitzeko gogoari eusten diote. Hala ere, ohartarazi du bereziki gazteek pairatzen duten egoera jasanezina dela, inongo baliabiderik ez dutelako, eta zenbaitek ihes egitea edo buruaz beste egitea beste irtenbiderik ez dutela. Bestalde, blokeoak Gazako ekonomia zaurgarriaren gainean duen eraginaz ere hitz egin digu. Bertan ekoiztutako produktuak ezin dira kanpora saldu, eta zenbaitetan eraso zuzenak ere burutzen dituzte nekazari eta arrantzaleen kontra. Egoera horri gaineratu behar zaio ur edangarria eta argindar elektrikoa lortzeko ezintasuna, eta gaixotasun kronikoen gorakada, hala nola, Israelek jaurtitako gai toxikoek eragindako minbiziak. Bestetik, Gaza eta Zisjordaniaren arteko banaketa geografiko, administratibo eta politikoa ere izan du hizpide, eta nola elikatzen duen Israelek banaketa hori. Haren esanetan, Fatah okupazio indarrak zaindutako autonomia baten tranpan erori da, eta haren mesedera dihardu, besteak beste, erresistentzia zilegia erasotuz. Zalantzan jarri du, era berean, Palestinako Agintearen zilegitasuna, ez bakarrik prozedura demokratiko baten bermea ez daukalako, baita populazio errefuxiatu eta erbesteratuak erakunde horretan ordezkaritzarik ez duelako ere.
Beste aldetik, Masar Badil mugimenduaren berri ere eman digu. Mugimendu horrek diasporako eta eremu okupatuetako palestinarrak koordinatzen ditu ibilbide iraultzaile alternatibo baten inguruan. Urrian urtebete beteko da ekimena abian jarri zenetik eta Bruselan antolatu duten ekitaldien egitarau oparo batez ospatuko dute.


 


Banner

TWITTER KI

 

UHintifada

 

 

VIDEO

+Video


xnxx xnxxx xnxx xnxx