Edozein gatazkan, amek pairatzen dute sufrimendurik handiena, eta Kurdistanen milaka ama min sakon eta itogarria betirako sentitzera kondenatuak daude. Beraien ahotan entzun ditugu hitz hauek: “Minak ez du hizkuntzarik, ez du kolore, erlijio edo etniarik. Gatazkaren erdian, gu, amak gara bizitzan gehien maite dugun hori galtzen duguna, gure bihotzaren zatirik preziatuena: gure seme-alabak. Minak malkoak eragiten dizkigu, eta malko hoiek batzen gaitu gu; berdin da zeinenak diren malko horiek, denok gara amak. Horregatik, badakigu oso ondo bakea behar dugula”.
Eta hala, sentimendu horrek bultzatuta sortu zuten lehenengoz taldea 1999. urtean; orduan 15 ama ziren, gaur egun milaka dira. Gerra garaian, 3800 herri erre zituzten, herritarrek beraien etxeetatik alde egin behar izan zuten eta milaka persona hil zituzten; asko, atxilotu ondoren desagertarazi egin zituzten. Millaka amek ezin izan dituzte beraien seme-alabak lurperatu, oraindik ere hilobien bila dabiltza, gorpuen bila, ezin izan diete agurra behar den bezala egin, hileta ospakizunik ez seme-alaba hauentzako. Hala, larunbatero protesta egiten dute hiri ezberdinetako kaleetan; seme-alaben gorpuak non dauden jakin nahi dute, hiltzaileak aurkitu eta argitara eman, epaituak izan daitezela eta dagokien zigorra bete dezaten eskatzen dute.
Bilerara iritsi garenean, 10 emakume agertu zaizkigu zapi txuria buruan. Zapi zuriak ama Kurdua irudikatzen du, errespetuaren seinale. Gizonen arteko edozein borrokari amaiera emateko gai dira hau burutik kentzearekin batera. Horrela egin zuten Ankaran egindako protesta batean, 200 emakume joan ziren bertara, hiru egun pasa zituzten han, kalean, dendetan egiten zuten lo. Turkiako hiritarrek emakume Kurduaren irudia ezagutu zuten orduan. Parlamentarien zain egon ziren, baina, zoritxarrez, ez zen inor agertu; protesta moduan, zapiak burutik kendu eta su eman zieten.
“Gatazka honetan, gehien sufritu dugunak gerrillarien amak eta soldaduen amak gara, edozein amaren malkoak du balioa, sufrimendua berdina baita. “ Hala, Kurdistaneko ama hauek askotan saiatu dira hildako soldauen amei beraien elkartasuna eskaintzen. Behin, Mardin hiriko soldadu bat hil zuten; mutil honen amari telefonoz deitu zioten beraien laguntza eta berotasuna eskaintzeko, hitzordu bat ere antolatu zuten, baina bertara iritsi zirenean, etxea poliziaz inguratua zegoen eta atzetik eduki zituzten 5 orduz, ezin izan zuten soldaduaren amarekin egon. Hala ere, oraindik ere halako saiakerekin jarraitzen dute.
Bestalde, diotenez, Öcalan libre ikusi arte ez dira geldituko, beraien ustez Europar herrialdeek ISIS-en kontra borrokatu beharko lukete, PKK-ri laguntza emanez horretarako. Badakite, Turkiak talde arabiar fanatiko hauek finantzatzen dituela, armak ematen dizkietela, eta hau ezin dute ulertu, zergatik... Gaixorik dauden presoen kaleratzea ere eskatzen dute, 80 urtetako agureak dituzte gartzeletan, hau beraien arduretako bat da.
Agertzen duten ausardia aski ezaguna da dagoeneko, ez dute beldurrik sentitzen, kaleko borroketan, manifestarien eta militarren artean jartzen dira, beraien seme-alaba eta besteen seme-alabei babesa eman nahian. Berdin zaie, bertan hiltzen badira ere. Irailan, Suruç-era joan ziren, Siria eta Turkia arteko mugan, Kobanên Rojavaren defentsan ari ziren militanteei elkartasuna adieraztera. Turkiak muga hau itxita mantendu nahian, polizia eta militarrez josi du hesia, sarraskiaren mehatxupean dauden Kurduei laguntza ukatuz. Bertan, militarrek gasa, ura eta balak jaurtitzen dute, baina berdin zaie, horrek ez ditu geldituko.
|