2022/02/10 |
Azken asteotan EAJren kordako prentsa-hedabideek goraipatu dute CAF euskal trengintza enpresak 500 milioitik gorako kontratua lortu duela Tel Aviveko tranbiaren linea berri bat eraikitzeko. Kontratu honen esleipenaren albisteak zer pentsatu ematen du. Akaso emandako zerbitzuen ordainetan esleituko zioten, izan ere, gauza jakina da Beasaingo enpresak esku hartze zuzena daukala okupatutako eremuak zeharkatu eta Jerusalem Ekialdeko kolonia ilegalak hirigunearekin lotuko dituen apartheid trenbidearen proiektuan. Edo beharbada, kalte ordain moduko bat izan liteteke, nazioarteko legediarekin talka egiten duen proiektu horretan parte hartzeagatik konpainia gipuzkoarrak kaltetuta ikus dezakeelako bere irudi korporatiboa.
Aste honetako atalean Santiago Gonzalez Vallejo ekonomilaria eta Comité de Solidaridad con la Causa Árabe erakundeko kidea izan dugu gonbidatuta gure mikrofonootan, administrazio sionistarekiko kontratu berri honen gora beherak aztertzeko, eta apartheidaren tranbiaren proiektua zertan den analizatzeko. Gonzalezek kokatu du azken kontratu hau CAFek Israeleko jarduera epe laburrean hazteko darabilen apostu estrategikoaren barruan, eta ohartarazi du esleipena jakinarazi dela hain zuzen ere Amnesty International erakundeak txostena kaleratu duen aste berean, izan ere, txosten horretan erakunde humanitarioak adierazi du Israel apartheid erregimen bat dela. Azaldu du CAFek eregimen sionistarekiko harremanak sendotzen ari den neurri berean, munduko beste toki batzuetan akziodunen eta inbertsiogileen kapitala galtzen ari dela harreman horien ondorioz, eta Norbegiako kasua aipatu du. Hango inbertsio funts nazional nagusiak CAFen zeukan akzioen kopurua murriztu egin du. Ohartarazi du Israelgo jarduera dela-eta CAFek agian epe laburrean etekina atera badezakeen ere, gerora kontratuak gal ditzakeela mundu osoan. Bestalde, azaldu du proiektu hauetan guztietan CAFek duen bazkidea, Israelgo Shapir konpainia, NBEko zerrenda beltzean dagoela bere jarduera eremu okupatuetan garatzen duelako eta Palestinako okupazioarekin aberasten ari delako, eta hainbat eragile lanean ari direla zerreanda hori berritzen dutenean Beasaingo konpainia ere bertan ager dadin. Hori gertatuko balitz, astindu handia izango litzateke nazioarte mailan enpresa gipuzkoarrarentzat eta bere irudi korporatiboarentzat.
|