Pasa den astean Euskal Herriko zenbait tokitan "CAF jaitsi zaitez Israelen apartheidaren trenetik" koalizioaren txostena aurkeztu zen. Gipuzkoako konpainia Jerusalem Ekialdeko eremu okupatuetako kolonia ilegalak hirigunearekin lotuko dituen trenbide linea eraikitzeko lanetan dabil, eta proiektu hori bertan behera geratzeko kanpiniak bi urte bete dituela-eta txosten bat kaleratu du ibilbide horren laburpena egiteko. Proeiktuak modu nabarmenean urratzen du nazioarteko legedia, hori dela eta, Euskal Herrian haren kontrako kanpainia jarri zen abian eta 70 erakundetik gorak egin zuten bat eskaerarekin. Gerora, bi urte eskasen buruan mundu zabalera zabaldu da kanpainia, izan ere, Israelgo apartheidaren aurkako nazioarteko BDZ mugimenduak beretzat hartu eta hedatu egin du. Bi urte hauetan burututako eta txostenean bildutako ekintzen errepasoa egiteko Ester Muñoz izan dugu gonbidatuta Uhintifadako mikrofonootan. Muñoz Gasteizko BDZ taldeko militantea da eta bere jardunean kanpainaren testuinguruan antolatutako jardueren errepasoa egin digu. Halaber, salatu du ekintza horiek Euskal Herriko prentsako hedabideetan izan duten oihartzuna, salbuespenak salbuespen, hutsaren hurrengoa izan direla, euskal konpainia batek Nazioarteko Zuzenbidearen aurkako urraketa hain nabarmen batean parte hartzea oso larria bada ere. Nabarmendu du proiektu hau nazioarteko legediaren oso urraketa larria dela, eta horregatik, mundu osoan antolatu direla CAFen interesen aurkako boikot kanpainiak, eta nazioarte mailan Beasaingo konpainiaren aurka antolatu diren ekintzen berri zehatza eman digu. Kontatu digu, gainera, zein puntutan dauden Jerusalemeko trenbidearen eraikuntza, azpiegitura honen kontrako kanpainia, eta nola kaltetu duen boikot kanpainia horrek CAFen irudi korporatiboa. Bukatzeko, gonbidatu gaitu kanpainiarekin bat egitera eta haren sare sozialen bidez informatzera. Beste aldetik, hizpide izan dugu Ahmad Manasra ume palestinarra askatzeko kanpainia. Manasrak 13 urte dauzka, Israelgo erregimeneko kartzela militar batean dago, eta atxilotu zuten momentutuk tortura larriak pairatu ditu.
|