Aste honetako atalean jomuga Palestinan jartzen duen proiektu komunikatibo berri bat aurkeztu dizuegu, Al Falasteniyeh, komunikabide palestinar zein internazionalistek osatutako informazio-sare bat. Munduko hainbat tokitan lantalde koordinatuak dituen proiektu hau palestinarrei ahotsa emateko xedez sortu da, Jordan ibaia eta Mediterraneo itsasoaren arteko eremuetan okupazioari eusten dioten palestinarrei zein diasporatik askapenerako eta itzulerako borrokan ari direnei. Kazetaritza proiektu hau aurkezteko espainiar estatuko lantaldeko koordinatzaileetako bat izan dugu solaskide Uhintifadako mikrofonootan: Judit Rodriguez Fernandez. Rodriguezek azaldu digu Al Falasteniyeh ez duela onartzen Israelgo indar koloniala, ezta kontakizun sionista ere, eta Palestinako erresistentzia ahalduntzeko tresna izateko asmoz sortu dela. Lantalde autonomoz osatutako sare moduan funtzionatzen du eta delegaritzak dauzka, besteak beste, Zisjordanian, Gazan, edota Libanoko errefuxiatuen kanpamenduetan. Bere jardunean aztertu du hedabide hegemoniko handietan Palestinako aferari ematen zaion tratamendu informatiboa. Salatu du hedabideek bakarrik jartzen dutela fokoa Palestinan Israelek ohi baino sarraski handiago bat burutzen duenean, eta horrek eragiten duela Palestinako populazioa deshumanizatzea eta biktima bihurtzea. Bere ustez, beharrezkoa da Palestinako kultutaren aniztasunari eta aberastasunari ere ahotsa ematea, eta herri palestinarrak okupazioaren kontra antolatzeko eta eusteko duen gaitasuna ere balioestea. Kritikatu du hedabide nagusiek darabilten dialektikak kontakizun sionista egonkortzen laguntzen duela. Sare sozialei dagokienez, salatu du, batetik, Palestinari buruzko edukiei ezartzen zaien zentsura, eta bestetik, herri palestinarretik zabaltzen den irudi sesgatua. Zentzu horretan azaldu du prentsak jabego kapitalistako egitura bat daukala eta komunikazio talde handien atzean Israelgo estatuaren kontakizun ofiziala sustatzen duten interesak daudela. Nabarmendu du, halaber, garrantzitsua dela bestelako dokumentazio iturri batzuetara jotzea, kontakizun alternatibo bat eraikiko badugu. Al Falasteniyehren kasuan palestinarren testigantzetatik elikatzen da, erresistentzian modu aktiboan parte hartzen dutenenetatik, hango erakunde politiko, kultural eta sozialenetatik; eta zenbait komunikabide palestinar eta internazionalistetatik. Bestalde, azaldu du sareko kolaboratzaile askok oso baldintza zailetan egiten dutela lan; batzuetan, Gazan eta Libanoko kanpalekuetan, kasu, lan egiteko baliabiderik oinarrizkoenak ez dituztelako; eta besteetan, AEB, Alemania edota Frantzian, kasu, Palestinaren aldeko edozein mugimendu politiko edo informatibo antolatuk pairatzen duen errepresioa pairatzen dutelako. Bukatzeko, lanean jarraitzeko borondatea agertu du, Palestina osoa Jordan ibaitik Mediterraneo itsasoraino askatzen den arte.
|