Aste honetako atalean Uhintifadako mikrofonootan Dunia eta Eider izan ditugu solaskide, Sare Lesbianista kolektiboko kideak. Iragan udazkenean Unadikum erakundeak Palestinara antolatutako brigada batean hartu zuten parte, olibaren uzta bilketaren garaiaren testuinguruan. Haiekin hitz egin dugu, hain zuzen ere, bidaia horren barruan Jordan ibarrera egin zuten bisitari buruz, eta Zisjordaniako eskualde horretako okupaziopeko errealitateari buruz. Euren jardunean kontatu digute Jordan ibaiaren ertzeko lurralde horrek balio estrategiko berezia daukala, natura zein nekazaritza ikuspegitik oso lur emankor eta aberatsa delako, eta horregatik C gunea izendatu zutela Osloko akordioetan. Horrek esan nahi du eremu hori indar okupatzailearen kontrol militarraren menpe dagoela, eta ondorioz, bere egoera administratiboa ezberdina dela A eta B eremuen aldean (Palestinako Aginte Nazionalaren administraiopeko eremuak eta partekatutako administraziopekoak). Egoera administratibo berezi hori dela eta, indar okupatzaileak behin eta berriz ukatzen dizkie bertako palestinarrei eraikitzeko baimenak, eta etxebizitza zein azpiegiturarik eraikiz gero birrindu egiten die. Gauzak horrela, hango populazio palestinarrak dendetan edota azpieraikuntza prekarioetan bizitzea beste irtenbiderik ez dauka. Gonbidatuek azaldu digute egoera horri aurre egiteko Jordango palestinarrek irudimenari eragin eta ekimen berri bat jarri dutela abian. Nazioarteko komunitate solidarioari deia egin diote eskualde horretara bertaratu eta etxebizitza azkarrak eraikitzen lagun diezaieten 24 orduko epean. Kanpainiaren funtsa da, legediaren zirrikituak baliatuz, etxeak eraikitzea birrintzeko agindua jaso baino lehen, gutxi gora behera 24 ordutan, izan ere, eraikuntza bukatuta baldin badago, bertan behera botatzeko prozedura legala desberdina izaten da eta denboran luza daiteke. Jordan ibarreko nekazarien komunitatetik, beraz, deialdi bat zabaldu dute jendea eskualde horretara joan dadin, hango errealitatea ezagutzera ez ezik etxebizitza azkarrak eraikitzen laguntzera ere. Horretarako, zenbait bide jakinarazi dizkigute antolatzaileekin harremanetan jartzeko: email bidez,
Helbide elektroniko hau spam bot-en aurka babesturik dago. Beharrezkoa duzu Javascript gaitzea ikusi ahal izateko
helbidean edota agricultural_volunteering_jv instagram kontuan. Azkenik azpimarratu dute Palestinara bidaiatzearen garrantzia, proiektu honetan zein beste edozeinetan, okupazioaren errealitatearen testigantza emateko. Bestalde, aktualitatearen errepasoan Jeningo errefuxiatuen kanpamendutik iritsitako azken albisteetan jarri dugu arreta, urtarrilaren 26ko goizaldean okupazio armadak sarraski odoltsua burutu baitu bertan.
|