2011/01/14 |
[Argia] Jada 66 hildako baino gehiago eragin ditu Tunisiako gazteak gobernuaren aurka eragiten ari diren erreboltak. Vilaweb agerkari katalanak matxinadaren aktore nagusiak deskribatzen dituen hiztegia sareratu du, hamabi kontzeptutan argazki orokor bat ulertzeko aukera emanaz. Euskaraz irakurgai duzu hemen.
ActuTunisie: Erreboltaren nondik norakoak jarraitzeko aukera ematen duen Twitter kontuetako bat.
Ammar: Hala deitzen zaio zentsurari Tunisian Habib Ammar Barne sailburu ohiarengatik. Bereziki Interneteko zentsura bultzatu du Ammarrek.
Ben Alí. Zine el Abidine Ben Alí. Tunisiako presidentea 1987az geroztik. Burgibaren lekua hartu zuen, hura "ezgauza" deklaratua izan ostean. Burgiba izan zen presidente bakarra Tunisiak independentzia lortu zuenetik. Herrialdea printzipio demokratikoetarantz bideratzen ari zela zirudien unean guztiz aldatu zuen jarrera eta aspaldian gogoratzen diren posiziorik autoritarioenetara eraman du.
Blogariak. Urtarrilaren 6an sei blogari tunisiar ezagun atxilotu zituen poliziak.
Hildakoak: Hilabete batean gutxienez 66.
Independentzia: Frantziak 1956ko martxoaren 20an onartu zuen Tunisiaren independentzia, baina Bizerteko base militarra bertan mantenduz. Honek, ondoren, herrialdeko militarrekin gatazka istilutsua eragingo zuen. Bizerte Tunisiari itzuli zitzaion 1963an.
Langabezia: Erreboltaren arrazoi nagusia. Gazte gehienak langabezian daude eta bi Tunisia daudela salatzen dute: turistek ikusten dutena (eta horientzako bizi dena) eta gainerakoek egunero pobrezian bizi behar dutena. Sidi Bouzid-en, errebolta hasi zen lekuan, langabezian daude unibertsitate ikasketak dituzten gizonezkoen %25, eta emakumezkoen %44.
Mohamed Bouazizi. Abenduaren 17an Sidi Bouziden bere buruari su eman eta zaurien ondorioz, 2011ko urtarrilaren 4an hil zen 26 urteko gazte tunisiarra. Suizidio hau izan zen matxinaden hasiera. Bouazizik fruituak saltzen zituen baimenik gabe eta bere buruaz beste egin zuen poliziak bere merkantzia konfiskatu ondoren. Bouazizi diplomatu langabeetako bat zen (unibertsitate ikasketak amaitu ondoren, bizirauteko lan ilegalak egin behar dituzten gazteak), matxinadak bultzatzen ari den talde sozialeko kidea.
Nawaat.org. Matxinadari oinarritutako informazioa publikatzen duen webgunea.
Tunisia operazioa. Tunisiako gobernuak kudeatutako webguneen aurka Anonymous erabiltzaileak egindako eraso koordinatuak. Gobernuak zenbait webgune eta Facebookeko profilen aurka eginez erantzun zuen. Guzti horrek sarearen defentsarako mekanismoen zabaltze bat ekarri zuen, nola sahiestu zentsura azalduz.
Trabelsi. Ben Alí presidentearen emaztearen familia dira trabelsitarrak. Tunisiako mafia kontrolatzen dutela esaten da, eta herrialdeko pertsonaiarik gorrotatuenetakoak dira.
Ustelkeria: Tunezen zabaldutako praktika orokorra. Batez ere, aginte kupulan daudenen artean. Wikileakseko zenbait filtrazio ustelkerian zentratuak izan ziren eta polemika handia sortu zuen sarean Tunezko herritarren artean.
|