Beste behin ere, Israel lehiaketan ordezkatzen duen txirrindularitza talde batek kirol ekitaldi batean parte hartuko du. "Israel Start Up Nation"-ek, gainera, talde gazte handi baten ohore guztiekin hartuko du parte, Sylvan Adams israeldar aberatsak finantzatua eta Israelgo Turismo Ministerioak lagunduta. Nazioarteko legedia sistematikoki urratzen duen herrialde honek kirola marketin-estrategia gisa erabiltzen du kanpoan bere irudia normalizatzen saiatzeko. Askotan esan duten bezala, “atletek ulertzen dute Israelgo talde batean egoteak Israelgo enbaxadore bihurtzen dituela".
Kirola politikatik bereizi behar dela diote. Esan diezaiotela Alaa al-Dali 21 urteko txirrindulari palestinarrari Israelgo frankotiratzaile batek Itzuleraren Martxa Handian tiro egin ostean hanka bat moztu ziotenean , horrela 2018ko Asiako jokoetan parte hartzeko ametsa zapuztuz. Gainera, Israelgo Estatu sionistak sistematikoki ukatzen du herriko jarduera kultural, akademiko, kirol, ekonomiko eta sozialen garapena. Ez du kirolerako eskubidea errespetatzen; aitzitik, kirol-jarduera egiteko oztopoak ezartzen ditu, estadioak suntsituz, Gazatik Zisjordaniara edo lurralde okupatuetatik kanpo dauden talde nazionalen entrenamenduak edo joan-etorriak galaraziz, kirol-instalazioak zuzenean bonbardatzen ez dituenean.
Apartheid erregimena indarrean zegoela Hegoafrikaren aurka antolatutako kirol-boikotak eragin nabarmena izan zuen, agintean zegoen gutxiengoak kirolaren aldeko apustu sendoa egin baitzuen: euren taldeek irabazteak harrotasun handia ematen zien. Hegoafrikan aplikatu zenarekin alderatuta, Israelen aurkako kirol-boikota ez da, hasiera batean, hain kolpe gogorra bere autoestimuarentzat. Israelgo gobernuarentzako, Israel Start Up Nation txirrindulari taldea Itzulian egoteak, herrialdearen normalizaziorako propaganda da, bere fatxada demokratikoa mantentzen saiatzea eta bere gizateriaren aurkako krimenei eta Apartheid estatuari aurpegia garbitzea. Kirol ekitaldietan parte hartzen saiatu arren, badakigu Israel genozidioa dela.
Pandemiaren egoerak ez digu aukerarik ematen txirrindulari talde honi dagokion ongi etorria emateko, nahiko genukeen bezala, lasterketan zehar bandera palestinarrak goratuz, euskal herritarrok herri palestinarraren eskubideak sistematikoki urratzen dituen herrialdea ordezkatzen duen taldea gaitzetsiz, eta erakundeei exijituz beren gain har dezaten Israelgo Gobernuari aurpegi atsegina jartzeko beta ematen dioten kultura- eta kirol-ekintzak ez antolatzeko edo bertan behera uzteko erantzukizuna.
Boikota Palestinarekiko eta okupazioaren mende dauden gainerako herriekiko elkartasun-tresna zibil ez bortitz gisa erabiltzeko eskubidea aitortzen dugu, historian zehar egin den bezala. Israeli eskatzen diogu Nazioarteko Zuzenbideko arauak bete ditzala, Palestinaren okupazio militarraren amaiera, Harresia ezabatzea, arraza-bereizkeriaren amaiera, Gazako setioaren amaiera eta errefuxiatuen itzulerarako eskubidea.
|