[Koldo Sagasti] Goizeko 9:00ak dira eta dagoeneko, Jerusalemeko alde zaharreko ostatuko atea zeharkatu orduko, sargoriak neuronak bigundu eta ibilera mantsotzen digu. Berandu gabiltza eta Damaskoko atera iritsi garenerako hor daukagu zain Marwan, gure gidaria. Urteroko brigadetan egin ohi dugun bezala harekin egin dugu lehenengo hitzordua hiri zaharreko karriketan zehar bisita historiko-politikoa egin diezagun. Marwan ekintzaile ezkertiar beteranoa da, 17 urte zituela kartzelaratu zuten eta 18 eman zituen Israelgo ziegetan, hor ikasi zituen hebreera eta bisita gidatuetan modu traketsean erabiltzen duen ingelera. Zulotik ateratakoan, halaber, jarduera politikoan jarraitu zuen eta azken urteotan gazteentzako kultura eta aisialdi erakundea zuzentzen zuen Jerusalemeko alde zaharrean, Nidal Center. Iazko uztailean, berriz, Israelgo armadak lokalak itxi zizkien urtebeterako eta geroztik, gazteekiko lanean dirauten arren, ez daukate non bildu. Urtebetea pasa da eta lokalak berrirekitzeko baimenaz berririk ez. «Gurea bezalako erakundeak ixtea Jerusalemeko udalaren trikimailuetako bat baino ez da –diosku– palestinarren eguneroko bizimodua gero eta jasanezinagoa bihurtzeko». Kontalari aparta da Marwan. Saladinoren balentriekin hasi eta, 67ko okupaziotik pasata, soldadu sionistek 99an mezkiten zabalune barruan burututako sarraskiarekin bukatzen du. Gaurkoan, aldiz, gogo gabe ari da, burua beste nonbait izango balu bezala. «Barkatu, baina gaur utzi behar zaituztet, Ramallahra joan beharra daukat, lagun baten hiletara –bota du, eta erantzunik espero gabe jarraitu du– gaztaroko kamarada zen, 77an hil zuten eta gaur entregatu digute gorpua. Nik galdetu diot ea ezegokia izango ote zen gu harekin joatea eta berak ezetz, aitzitik, ongietorriak izango ginela. Eta halaxe, pasaporteak hartu eta Ramallahrako autobusean sartu gara Marwanekin.
Atzean utzi dugu hiri santuko alde zaharra harresiaz beste aldeko mundurantz abiatzeko eta tranbiaren obren ondoan pasa gara. Trenbidea administrazio sionistaren azpiegitura estrategikoa da Jerusalemerako, izan ere, hirgune inguruko koloniak komunikatuz auzo arabiarrak isolatu eta sionistek amestutako Jerusalem juduaren bizkar hezurra osatzen du. Qualandiako check-pointera gerturatu ahala auzo arabiarrak hirigunetik banatzen dituzten harresiak mehatxugarri altzatzen dira errepide parean, beste azpiegitura bat apartheid estrategiaren zerbitzura. Azkenik heldu gara Ramallahko ospitalera.
Dagoeneko jendea ospitalearen ate aurrean pilatzen da zerraldoa noiz aterako zain. Marwanek haren adineko gizon talde batera hurbildu eta agur bero eta adeitsua egin die, gero banan-bana aurkeztu dizkigu. Haren gaztaroko burkideak dira, kartzelako lagunak, hamaika borrokalditan haren ondoan ibilitakoak. Batzuk Askapenerako Herri Frontekoak, besteak Askapenerako Fronte Demokratikokoak; Osloko akordioak onartu ez eta Palestinako gobernutik kanpo dagoen ezkerreko alderdi nagusikoak lehenak, Osloko akordioak onartuta Palestinako Aginte Nazionalaren barruan dagoen ezkerreko alderdikoak besteak… Brianen bizitza dirudi horrek. Eta behingoagatik okupaziopeko politikaren bilakaeraren gorabeherek banatutako beterano horiek guztiak kamarada bat omentzeko elkartu dira. Gure lagunak ilaje eta bibote zuridun gizon bat aurkeztu digu, hildakoaren anaia. Eskua luzatu eta eskerrak emandakoan hasi zaigu anaiaren historia kontatzen.
Mashour Arrouri Palestinako ezkerreko erresistentziako ekintzailea zen (gaur egun Palestinako espektro politikoan talde erligioso islamiarrak nagusitzen badira ere, garai batean, 70eko hamarkadan batez ere, erresistentziaren profila laikoa zen eta ezkerreko taldeek pisu handia zeukaten horretan) eta gaur bildu diren beterano askoren kamarada. 1976an, Israelgo armadako soldaduekin izandako talka armatu batean, bera eta beste bi ekintzaile erail zituzten. Sionistek gorpuak hartu eta hilerri sekretu batera eraman zituzten. Geroztik anaiaren eta besteen gorpuen bila aritu dira, izan ere, uste zuten familiak ez zuela atsedenik izango zerraldoak euren jaioterrian lurperatu arte. Senideek dirutza inbertitu behar izan dute zeregin horretan, gorpuen identifikazioaren gastuak euren gain hartu behar izan baitiuzute, baina azkenik, 34 urte geroago, lortu dute eraildako ekintzailearen hondarrak berreskuratzea. Mashour izan da berreskuratu duten lehenengoa eta espero dute besteak ere modu duin batean hilobiratu ahal izatea. Arrouritarrarekin solasten ari garela beste gizon bat bildu da taldera eta aurkeztu du bere burua. Shawan Jabarin da, Al-Haq erakundeko zuzendaria, Palestinako giza eskubideen aldeko abokatu taldekoa, alegia. Bera kasuaren zehetasunak ematen hasi zaigu. Haren esanetan 340 lagun inguru daude egoera berean, hildakoan gorpuak bahituta. Atxilotua israeldarren esku hiltzen denean edo liskar armatu batean akabatzen dutenean, zerraldoa hartu eta Tel Aviveko ospitale forensetik Negeveko basamortura edo Jordaneko ibarrera eramaten dute, eta hor hilerri sekretu batean hilobiratzen dute zenbaki bat beste identifikaziorik ez duelarik. Praktika hori guztiz ilegala izateaz aparte erantsitako zigor bat da zenduaren familiarentzat, eta are gehiago sinismen musulmandun familietan, berebiziko garrantzia ematen baitiote gorpua hilobiratzeari. Garai bateko jokaera ankerraz ere mintzatu zaigu. Gaur egun horren zantzurik ez badute ere, 70 eta 80ko hamarkadetan espetxean hildakoen gorpuak ere bahitzen zituzten. Zigorra osorik bete gabe kartzelan hiltzen ziren preso politikoen zerraldoak izoztu eta espetxe-urte kopurua bete arte hozkailuetan gordetzen zituzten.
Halako batean, iskanbilak gure solaskidearen jarduna eten du. Gizon talde bat, lore-koroaz estalitako hilkutxa zama gainean daramatela, ospitaletik ateratzen ari da. Hor bildutako jendea ulertzen ez ditugun leloak oihukatzen hasi da. Jende andana abiatu da prozesioaren atzean, aurrean, berriz, ulertu ezin dudan pankarta bat. Izar gorridun bandera gorriak dira nagusi bildutakoen artean, Askapenerako Fronte Demokratikokoak, alderdi horretakoak baitira Arrouritarrak, baina ezkerreko beste alderdietako ordezkaritza ere agertu da hiletara. Armada palestinarraren gaita-joleak ere atzean dabiltza, gala-trajeak jantzita, izan ere, Fronte Demokratikoa Palestinako Aginte Nazionalaren barruan dagoenez, erakundeak desfilearen zerbitzura jarri ditu soldaduak eta banda osoa. Eta halaxe, hilkutxa anbulantzia batean sartu eta gaiten doinuen, bozinen iskanbilaren, eta garrasien artean abiatu da auto tropela difuntuarenaren atzetik hilobiratuko duten herrirantz. Berez ordu erdikoa izan beharko zukeen bidaiak ordubete iraun du, inprobisatutako ilara osatzen duten autoen pilaketak desfilearen erritmoa moteltzen baitu. Airea itogarria bilakatu da herrira garamatzan sardina lata barruan. Azkenik, ordubete geroago iritsi da auto andana errepide amaitezin eta bihurgunetsua amaitzen den puntura, Arourira. Herrixka bandera gorriz apainduta dago eta han-hemenka martiriaren duela 34 urteko argazkia azaltzen duten kartel eta pankartez. Heldu da hilkutxa, bildutakoen sorbalda batetik bestera, familiaren etxe atarira, negar eta oihu artean, eta gu, nonbait gonbidatu bereziak garenez, zenduaren gurasoei doluminak ematera sartzera gonbidatu gaituzte. Aiton-amonak irribarretsu daude, inguruan gertatzen denaz ohartuko ez balira bezala, edo agian hainbeste urteren buruan semearen gorpuari hileta duina egitearren merezitako atsedena hartu dutelako. Eta irribarre horretaz adierazi nahi izan digute ongietorria izan dela gure elkartasun adierazpena. Bertan izan ez bagina Mashourrena beste istorio palestinar bat izango zatekeen, aldiro-aldiro hedabideetan hizki txikietan agertzen diren horietako bat, egunkariaren orrialdea pasa orduko ahazten direnetakoa. Baina gu bertan izan gara, eta Arrouritarren abegikortasuna jaso dugu, eta Israelgo erregimen arrazistak egunero burutzen dituen barrabaskeri horietako baten lekuko izan gara, Mashour Arrouriren gorpua lapurtu eta 34 urtez bahitu izanarena. Ez da ez lehena ez azkena izango, baina bertan izan garenon testigantza da.
|