Lau martiri gehiagoren odola. 2006 / 07 / 19 |
Brigada Palestina | |||
23/07/2006 | |||
Uztailak 19. Hebronen eman dugun bigarren gauak ez du tiro marrumaren arrastorik izan hiriko parte zaharrean eta Palestinaren askatasunaren alde borrokatzen duten gudarien eta militar israeldarren arteko tirabirak kilometroren bat urrunago mamitu dira. Bederen, hala jakinarazi digute hoteleko langileek esnatu bezain laister. Azaldu digutenez, israeldarrek Palestinako polizia nazionalaren bulegoa txikitzen dihardu goizaldetik eta honen ondorioz gutxienez hiru lagun palestinar erailik suertatu dira eraikinaren hezur erorien anabasean. Honexegatik, azkar gosaldu eta bertara abiatu gara Frente Popularreko kide bat lagun dugula. Goizeko bederatziak izateko hogeiren bat minutu falta diren honetan giroa ozpinduta dagoela erraz ikusten dugu. Ia kasik inor ez dabil lurrin pitzatua duen Hebrongo parte zaharreko merkatuan eta saltoki asko oraindik ere zerraturik erakusten du bere pertsiana. Frente Popularreko kideak berarekin adi egoteko manatu digu, taldean ibiltzeko, nazioarteko brigadistak izanagatik ere gure aurka oldatu daitezkeelako militar okupatzaileak. Horrela jardun dugu, gainontzeko lagunei soa kendu gabe. Hartara, israeldarrek txikitzen ari diren eraikina bostehun bat metrora dugula, lehendabiziko buldogzerrak eta tanketak ikusi ahal izan ditugu. Ikusmina handia da kalera irten diren palestinarren artean. Asko eta asko gazteak dira, bibotea ezpainaren gainean beltzatzen hasi zaieneko mutikoak esan nahi baita. Izan ere, bertan ikusi izan gaituztenean, gure atzean jarri dira, gure atzetik aurrera egiteko gogoz. Gardena da euren asmoa: atzerritarrak izanik, militar israeldarrek eskuartean duten txikizioraino hurbiltzen errazagoa izango dutela iritzi diote eta, zentzu honetan, gure babesean harriak jaurtikiko dituzte halabeharrez, harrien eta balen arteko ohiko guda galderrazaren harian. Honexegatik, gure segurtasuna ziurtatzearren eta Frente Popularreko lagunaren aholkuari jarraituz, mendi baten muinora garamatzan bigarren bide bat hobetsi dugu, jakitun baikara Israel edozer gauza egiteko gai dela, Palestinarren aurka bereziki, gure aurka ere, gu geu ere Palestinarrekin gaudela jakin badakitenez. Nablus ez baita turismorako plazerra. Mendiaren muinoan gaude orain. Ondoko etxeetako leihoak jendez lepo daude eta bertako palestinar guztien ahotan eraildako hiru gudarien oroitzapen mingotsa antzematen da. Haserre daude. Eta harro. Palestinarrak euren martiriekin izugarri harro daudela frogatu ahal izan genuen atzo Hausnarketak hausnarketa, hortxe utzi ditugu militar israeldarrak dakiten bakarra egiten: suntsitzen. Nabluseko unibertsitatean gure zain daude eta guk bertarako norantza hartu dugu. Kale batzuk moztuta daude.Taxien zalaparta ikaragarria da. Urduritasunak guztia gailentzen du.
Saed Jala Habu-Hijlehek bere bulegoan hartu gaitu. Derrigorrez, gertakarien inguruko azkeneko berriak helarazi dizkigu. Hiru pertsona erail eta hogeitabost lagun zauritu ei dituzte militar israeldarrek. "Gure gazteen heriotza eguneroko gure ogia dugu", esan digu. Unibertsitatean 4500 pasa gaztek ikasten dutela argitu digu. Gainera, palestinarren eguneroko bizitzaren esparru guztietan gertatzen den modura, unibertsitateak ere gertutik jazo izan dituela okupazioaren ondorioak adierazi du. Adibiberako, 2000. urtean gertatutako lehendabiziko intifadan, unibertsitateko irakasleak herritarren altxamendu honen aurkako adierazpen bat sinatzera derrigortu nahi izan zituzten. Aldiz, irakasleek ez zuten horrelako manifesturik babestu eta honen ondorioz militarrak bertara sartu ziren berrogei ikasle inguru atxilotuz. 2002. urteko intifadari dagokionez, altxamendu honen ondorioz militar israeldarrek 52 ikasle erail zituztela nabarmendu digu. Eta ez hori bakarrik. Izan ere, hildakoen artean Saeden ama zegoen, harrigarria suertatzen zaigun lasaitasunarekin semeak berak azaldu digunez. Bestetik, azken aldi honetan Israelen okupazioaren ikur bilakatu den harresiaren kontura, Saed Jala irakasleak adibide bakarrarekin laburbildu dizkigu ikasleek unibertsitatera etorri ahal izateko aurkitzen dituzten zailtasunak : "Ikasle askok goizeko bostetan jeiki behar izaten du goizeko hamarretarako ikasgelara iritsi ahal izateko. Hauetariko askok eta askok, harresirik ezean, soilik ordu bete beharko lukete etxetik unibertsitatera bitarteko bidea egiteko". Hartara, behin bilera bukatutakoan, kanpusean barrena emandako ibilaldi azkarrean unibertsitateko bazterrak erakutsi dizkigute. Ikasle batzuk eguzkitan daude. Beste batzuk itzalaren babesean. Noski, militar israeldarrek lau gazte erail izanak bere ohiartzuna du unibertsitatean ere eta hamaika informaziorako mahai aurkitzen ditugu han eta hemen. Unibertsitate dotorea da. Berria. Berritua, hodarreko intifadan txikituta gelditu baitzen. "Arabiar herrialdeetako aberatsek emandako dirulaguntzarik berritutako unibertsitatea da", argitu du Saek Jalak. Langileen sindikatuak Uztailak 19 ditueneko bigarren bilerak Palestina General Federation of Trade Unions delakora eraman gaitu, Palestinako Sindikatuen Federazio Orokorrera alegia. Halabeharrez, bilera hiru martiri berrien oroitzapenarekin hasi da. Batzarrerako gelak errusiarra dirudi. Esan nahi baita, mahai borobil erraldoi baten inguruan bildu garela guztiak, giro hotzean, sabai goreneko gela batean, inolako apaindurarik gabeko horma biluztuekin inguratuta, Yasser Arafat difuntuarekin argazki erraldoi bat kenduta, mahaiaren buruan iltzatuta. Sindikatuko ordezkariak oliba koloreko atorra du soinean eta, agian honexegatik, errusiarra dirudiela iruditu zaigu. Kamaradak azaldu duenaren arabera, Israelen okupazioaren ondoriorik larriena langabezia da. "Gure lurrak euren lurrak dira. Gure ura euren ura da. Ezer gabe gelditu gara. Ezin dugu ia kasik ezer kudeatu. Ezin dugu enpresa berririk abiarazi. Egoera honetan, bataz beste, ehuneko hirurogeitamarreko langabezia dugu Palestinan", salatu du. Gainera, Israldarrek palestinarrak lanerako hartzen dituztenean, langileen lan baldintzak izugarri kaxkarrak direla aditzera eman digu. "Hala eta guztiz ere, langileen alde borroka egiten dugu. Gizarte segurantza lortu nahi dugu langile guztientzat. Grebarako eskubidea ere gauzatu nahi dugu. Noski, honetarako guztirako Palestinak bere estatua behar du. Honexegatik guztiagatik, bat egiten dugu Palestinako askatasunaren aldeko borroka egiten dutenekin". Alabaina, Palestinako Estatu bakarra aldarrikatzen duen ala bi estatuen soluziobidea proposatzen duen aukerarekin, hauetariko zein asmorekin bat egiten duen sindikatuen federazio honek galdegin diogu guk. Hurrengoa erantzun du: "Hamasek bere sindikatua du eta ez dago gure federazio honetan. Gainontzeko sindikatuei dagokienez, 1967. urteko mugen araberako bi estatuen soluziobidea ongi dakusagu", esan digu, "nahiz eta egia den halaber federazioko hainbat sindikatuk estatu bakarra nahiago duten", argituz. Emakume ezkertiarrekin bazkaria Ismad doktore andereak Nabluseko Women Centerrera gonbidatu gaitu bazkaltzera. Ismad anderea emakume ikaragarria da. Ezkertiarra eta ausarta. Argia eta langilea. Ez du burua estaltzen. Aldiz, onartzen du azken urte hauetan Palestinako emakumeen egoerak larriki egin duela atzera. Hala, Women Centerrean bildu ohi da beste emakume gehiagorekin emakumeen eskubideen eta askatasunen aldeko borrokari ere zirrikituak zabaltzeko orokorragoa den Palestinaren askatasunaren aldeko kinka nagusiagoan. Artopilaren antzekoa den ogiarekin estalita dagoen oilasko errea prestatu dute Euskal Herritik elkartasuna adieraztera Palestinan bertaratu garenoi. Mizagha da. Goxoa dago. Izugarri goxoa. Aldiz, berri txar batek ekaitza ekarri du bakalburuko solasaldira. Goizaldean larriki zauritutako palestinar borrokalarietako bat hil berri da. Guztira, gaurkoz, lau martiri dira hortaz. Eta atsekabe gelditu gara guztiak. Ixiltasuna gailendu da. Gurekin bazkaltzen ari den emakume batek presoen alde lan egiten duela esan digu. Gainera, senitartekoei eta gaioxoei animoak eman aldera zaurituak ospitalean bisitatu ohi dituela azaldu digu, gaurko zaurituak eritetxean ikusteko gonbidapena luzatuz. Ohorea da guretzat erakutsi digun konfidantza. Bazkaldu bezain laister taxia hartu eta ospitalera joango garela erabaki dugu. Zaurituen borrokarako gogoa Nabluseko ospitalean martirien afixeek estaltzen dituzte pareta, korridore eta abarrak. Zaharkituta dago guztia. Bigarren solairura eraman gaituzte. 214. gelan ezagutu dugu Ibrahim. Lagunez inguratuta dago. Bi balekin zulatu diote ezkerreko hanka. Erdi lo dago baina gu ikusitakoan suspertu da. Euskal Herritik gatozela esan diogu. Informatika ikaslea da. "Baina gure herri honetan borroka dugu bide bakarra, garaipenik gabeko etorkizuna beltza baita", dio. Bere inguruan dituen lagunak harro daude. Ibrahim etzanik dagoen oheak ez du inolako maidirerik. Antzera daude gelan dauden gainontzeko lau oheak. Gainera, ez omen dute ia botikarik. Ez dago suerorik. "Baina sufrimenduak ez gaitu kikilduko", dio Ibrahimek. Lur jota gelditu gara. Baina hau ez da guztia. Hiltzorian dagoen beste gazte baten gelara eraman gaituzte. Hamazazpi urte ditu. Bala batek sabela eta gibela urratu dizkio. 48 ordu itxaron beharko dute ebakuntzari zein erantzun ematen dion ikusteko. Bere ama negar zotinka dago alboko gelan. Zer esan horrelakoetan? Mutu gelditu gara. Gutako batek eskua luzatu dio. Hurren, ixilik egin dugu hotelerako bidea. Hebronen aurki ilunduko du. Tiro hotsak entzungo ditugu ziurrenik. Batek daki. Nolanahi ere, lau martiri gehiagoren odolarekin busti da askatasunaren egarri dagoen herri borrokalari baten historiaren orrialde berria.
|
+Video