Ibaiari bizitza dario |
![]() |
![]() |
![]() |
09/09/2008 | |||
Euskaldunok ondo dakigu zein garrantzitsu diren ibaiak gure bizitzan. Ugari dira Paraguai zeharkatzen duten ibaiak eta ezinbestekoak herriaren bizitzarako. Paraguai Ibaian egin dugun bidaiak garraiobide honen garrantizaz ohartarazi gaitu. Concepción herrian hartu dugun ontzia Paraguai Ibaian gora ehundaka kilometro egiten ditu Brasileraino, errepide malkartsuena ere iristen ez den lekuraino. Ontzia jendez eta gauzez lepo abiatu da. Adin guztietako jendea, fruitak tonaka, koltxoiak, irin zakuak, arroza, olioa, altzariak, motorrak, jendearen gosea asetuko duten janari eta fruita saltzaileak ontziaren behealdea okupatu arte.
Apenas dago jendearentzako tokirik baina guztiok topatu dugu lekutxoren bat. Hamakak leku guztietatik eskegita daude, guk egun eta erdiko bidaia egingo dugu baina badago jendea hiru egun ere emango dituena bere helmugara heldu arte. Jendea anitza da: indigenak (bere komunitatetara bueltan doazenak), estantzietako langileak, saltzaileak….Estantziak (estancias erdaraz) dirudunen lursail erraldoiak dira, bertan familia osoak lan egiten dute. Mario estancia batean egiten du lan, Concepción-en astebete eman du (oporretan edo) eta lanera bueltan doa ontziz. Pozik dagoela dio lana edukitzeagatik, egun osoan egiten du lan, jaiegunik ez, noizean behin astebete libre, saldatak ere ez du askorako ematen baina ondo tratatzen dutela dio, gutariko askok esklabutza mota bat dela esango luke, biziarauteko beste diru emanda estanciero-ek (jabeek) ziurtatzen dituzte langile fidelak. Gilberto herriz herri dabil bisuteria eta oinetakoak saltzen, hori da bere bizitza, lekuz leku ibili, eta horregatik ondo ezagutzen ditu ibai zahar honen urak. Perlak 5 hilabete ditu, gurasoak eskuturrekoak eta idunekoak herriz herri saltzetik bizi dira, bere irribarrez edonor konkistatzeko gai da. Jorge Ibaiaren goiko aldean bizi den Waná komunitate indigenakoa da. Asunción-etik dator (Paraguaiko hiriburua), bertako Hospital Indígena-n bere anaia dago gaixorik, egun batzuk eman ditu han eta orain bere komunitatera bueltatu behar da. Anaia gaixotu zenean, komunitatetik hurbilen dagoen zentru medikuan (dozenaka kilometrotara) argi utzi zioten (mespretxua erabiliz) hura ez zela bere lekua, hospital indigenara joan behar zela (600 Km-ra). Jende hurbilaren elkartasunari esker, eta pare bat behi saldu ondoren atera zuten diru nahikoa anaia hospital indigenara eraman, eta botikak, bendak eta abar erosteko (hospitalean zorte apur batekin ohea besterik ez baitizute ematen). Familiako beste norbait gaixotuz gero ez dakite nondik aterako duten beharrezko dirua. Argi dago herri honetan ere justizia, osasuna eta, jatorria eta diruaren arabera banatzen dela. Tereré-a (mate hotza) eskuz esku dabil, hitz egiteko aukera ematen du, apurka apurka jendea zabalduz doa, ordu asko dago hitz egiteko. Gau ilunean ilargiak irribarre egiten digu izar guztiak atera dira (txikiena ere ikusi ahal da), noizean behin ipurtargia bailitzan, ibai bazterrean argi baten dirdira sumatzen da, ontzia bertara hurbildu eta fokoa piztean dozenaka lagunen begiak ikusten dira dir-dir, zain daude ontziak zer ekarriko.
|
+Video